"Prozedura ireki eta ohikoaren bitartez, Usurbilgo Oiardo kiroldegian kirol jarduera fisikoa eta ur sorospen zerbitzua kontratatzeko espedienteari onespena ematea" onartu zuen aho batez udalbatzak uztailaren 24ko osoko bilkuran. Horretarako, "jarduteko eta esleipenerako oinarri bezala erabiliko diren Administrazio Baldintza Zehatzen Orriei eta Preskripzio Teknikoen orriei onespena ematea" ere aho batez babestu zuten udal ordezkariek.
Prozedura horren baitan, irailaren 13ra arte finkatutako epealdiaren baitan hiru eskaintza aurkeztu ziren esleipen deialdi horretara. Puntu gehien jaso eta beharrezko bermea eta dokumentazioa aurkeztu ostean, Athlon Sintagmia SL-ri esleitzea erabaki du udalbatzak aho batez, Oiardoko kirol jarduera fisikoa eta ur sorospen zerbitzua.
%40ko garestitzea
Kontratazio honen iraupena gehienez bost urtekoa izango da, hiru urtekoa gehi beste bi urtez luzagarria, guztira ia bi milioi eurokoa, baldin eta kontratazio hau bost urtera helduko balitz. Kopuru horregatik hain zuzen, kontratazio deialdi hau Europara zabalduko du Udalak. "Lizitazioa udaleko kontratatzaile profilean eta Europar Batasuneko Aldizkari Ofizialean argitaratzea", onartu zuen udalbatzak aho batez hain zuzen.
Kopuru horretan islatua dago hain zuzen, zerbitzuan izan den %40ko garestitze handia. Garestitze horren arrazoietako bat sektoreak iaz berritutako lan hitzarmenean eguneraturiko prezioak dira, langileek soldatak hamar urtez izoztuak izan ostean.
Herritarren ongizatea eta parte hartzea helburu
"Usurbilgo jarduera fisiko eta kirol sailaren misioa da Usurbilgo herrigune zein auzoetako herritar guztiei, dena dela euren adin, sexu, erlijio, jatorri, etab., eskainiko zaien jarduera fisiko zen kirol instalazio anitz, berritzaile eta irisgarrien bidez, herritarren ohitura osasuntsuak, ongizatea, zaintza eta gizarte integrazioa sustatu eta erraztea, pertsona inaktiboetan eraginez bereziki eta tokiko kirol eragileak babestuz", Udalaren esanetan.
Horretarako, "herriko kirol zerbitzu nagusi eta garrantzitsuena da Oiardo udal kiroldegiko begirale eta sorosleena. Kiroldegian igerilekuetako salbamendu eta sorosletza zerbitzua lege eta segurtasun eskakizuna da, batetik; eta bestalde, ikastaro eskaintza ahalik eta zabal, aberats, berritzaile eta berdinzalea eskaini nahi du Udalak, horien bidez usurbildarren bizi estiloa aktiboago egin, herritarren ongizatea eta parte hartzea bultzatu, eta integraziorako erraminta gisa baliatuz gizarte onurak bilatzeko. Partaidetzazko kirolean jarri nahi da indarra, finean".