Udalbatzaren osoko bilkura

Haraneko entsegu lokalen erabilerarako udal ordenantza aurrerantzean

Noaua Aldizkaria 2024ko abe. 6a, 10:04

Musika taldeentzat Haranen kokaturiko entsegu lokalen erabilerarako ordenantza onartu du hasieraz udalbatzak.

Usurbil sorkuntzaren eta sortzaileen herria denik ezin ukatu. Besteak beste, musikagintzan herri ordezkaritzarik ez da falta izan azken hamarkadaotan eta horren erakusleiho argia izaten dira Haranen kokaturiko entsegu saioetarako lokalak.

Guneon erabilera eta funtzionamendua arautzeko udal ordenantza onartu zuen aho batez udalbatzak azaroaren 28ko osoko bilkuran. "Ordenantzaren xedea, erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak zein diren zehaztea eta instalazioak erabiltzeko baldintzak definitzea da", Usurbilgo Udalaren esanetan.

Ordenantzak berak zehazten duen moduan, "Haranen 2 musika entsegu gela intsonorizatu daude". Aurrerantzean, "Usurbilgo Udalak urtero, irailean, gela bakoitzean 8 talderi baimenduko dio erabilera. Guztira, Haraneko entsegu gelak erabiltzeko baimena 16 taldek izango dute". Talde kopurua handiagoa balitz, puntuazio sistema baten bidez erabakiko litzateke nortzuk erabili ditzaketen lokal hauek, udalbatzaren azken osoko bilkuran udal gobernu taldetik aditzera eman zutenez. Hortik kanpo geratutako taldeekin itxaron zerrenda osatuko litzateke.

Alegazio epea orain
Aipatu moduan, udal ordenantza hau hasieraz eta aho batez onartu zuen udalbatzak azaroaren 28ko osoko bilkuran. Erabaki honen iragarkia kaleratu ostean, 30 laneguneko epealdia zabalduko du Udalak kontsultak egin edota "hala badagokio, bidezko erreklamazio edo iradokizunak aurkeztu ditzaten". Tarte horretan, halakorik aurkeztuko ez balitz, ordenantza hau behin betiko onartutzat joko da.