Udalbatzaren osoko bilkura

Sorkuntza fotovoltaikorako instalakuntza kokatuko dute Agerialdeko teilatuan

Noaua Aldizkaria 2024ko abe. 6a, 11:01

Agerialdeko teilatua instalakuntza hau bertan kokatzeko erabiltzea onartu zuen udalbatzak azken osoko bilkuran.

Udarregi ikastolaren HH eta LHko eraikineko teilatua energia berriztagarrien iturri izango da etorkizunean. Izan ere, Sortalde, Usurbilgo Energia Berriztagarrien Komunitateari Agerialdeko gainaren "erabilera lagatzeko administrazio-emakida esleitzea" onartu zuen udalbatzak azaroaren 28ko osoko bilkuran. Hogei urteko iraupena izango du esleipen horrek, 2044ko urriaren 31ra artekoa.

Baimen horren baitan, erabilera pribatiborako "sorkuntza fotovoltaikoko instalazio bat ezartzea" ahalbidetuko zaio Sortalderi, 100 kWnkoa. Instalakuntza horrek "% 100eko energia berriztagarria sortuko du". Sortutako horretatik %20a Udalak jasoko du, %80a Sortaldek eskola-aldian. Eskolarik gabeko egunetan, %90a Sortaldek eta %10a Udalak.

Saiakerak aurretik
Gogoan izan, eguzki-plaka hauek jartzea ahalbidetuko duen erabakiaren harira, Usurbilgo Udala aipatu komunitate energetikoko bazkide laguntzailea da, hala izatea erabaki zuen apirilaren 11ko osoko bilkuran. Izan ere, "Usurbilgo Udalak garrantzitsutzat jotzen du trantsizio energetikoarekin lotutako ingurumen- eta gizarte-ekimenak eta horregatik sustatu nahi du Usurbilen tokiko energia-komunitatea egotea".

Azken hilabeteotan, "Sortalde Energia Komunitatea, instalazio fotovoltaiko bat abian jartzeko lanetan jardun da Zubietako pilotalekuan eta Atalluko gune industrialeko teilatuan. Ezinezkoa izan da teilatuen jabeekin hitzarmena adostea. Gauzak horrela, Agerialdeko eraikineko teilatuaren baldintzak ikusita, Sortalderi lagapena egiteko aukera ikusi da".

Helburuak
Egitasmo hau gauzatzeko bi aldeek, Udalak eta Sortaldek izenpetuko duten hitzarmenaren helburuak zehaztuak daude. "Udalaren aldetik, hitzarmenaren helburua da bere instalazioetan sorkuntza fotovoltaikoko instalazio bat izatea, energia elektrikoaren horniduraren kostua murrizteko, azken kontsumitzailea ere den aldetik".

Sortalde Energia Berriztagarrien Komunitatearen aldetik, "sortze-instalazioaren jabea den aldetik, energia sortzeko subjektu gisa jardun ahal izatea da, instalazio horri lotutako pertsonei autokontsumo kolektiboaren bidez aurrezkiak ahalbidetuz".

Sortalderen helburu nagusia da hain zuzen, "bere kideei eta garatzen den herriari ingurumen-onurak ematea, eta Usurbilgo Udalarentzat eta udalerriko etxebizitza edo zerbitzuentzat energia berriztagarriaren ekoizpena eta kontsumoa kolektibizatzea, udalerriaren energia-eraginkortasuna hobetzeko eta atmosferara egiten diren CO2 isurketak murrizteko, bai eta energia elektrikoaren kontsumoari dagozkion kostuak ahal den neurrian murrizteko ere".

Unean uneko datuak
Instalakuntza hau martxan jarri ostean, "sortutako energia, autokontsumitutako energia eta sarera isuritako energia ezagutu ahal izango dira orduz-ordu". Bestalde, "instalazio fotovoltaikoak sortutako energiak bere izaerari dagozkion zenbait ezaugarri izango ditu, hala nola, eguzki-erradiazioaren arabera, eguneko orduetan eta urte-sasoietan aldizkakotasuna eta kantitatea aldatzea. Horrek ez du inoiz hornidura elektrikoa etengo, kontsumo-instalazioa, aldi berean, hornidura-sarera konektatuta" egongo baita.