Udalbatzaren osoko bilkura

Urteko azken saioa, lehenago

Noaua Aldizkaria 2024ko abe. 6a, 08:50

Urte amaierako jaiegunak tarteko, aurreratu egingo dute hilabete honi dagokion osoko bilkura. Egun eta ordu ezberdina izango du hitzordu horrek.

Ate joka ditugun ospakizun egunak tarteko, urtero moduan aurreratu egingo dute hilabete honi dagokion udalbatzaren osoko bilkura. Izatez, hilero azken ostegunetan izaten da; honenbestez, abendukoak hilaren 26an izan beharko zuen. Baina aipatu moduan, datozen jaiegunak tarteko, astebete lehenago egingo da, hilaren 19an.

Ezohiko osoko bilkura horren hasiera ordua ere ezberdina izango da. 18:00etarako finkatzen dira deialdiok. Oraingo hau, ordea, ordubete geroago abiaraziko dute, 19:00etan.

Protokoloaren eguneratzea
Izan ere, aurretik, formazio saioa izango dute udal ordezkariek. Gogoan izan, indarkeria matxistaren biktimen arretarako eta erreparaziorako erakundeen arteko koordinaziorako protokoloa eguneratzen hasia da Usurbilgo Udala, Sortzen aholkularitza zerbitzuko kideen laguntzaz.

Indarkeria matxistaren biktimen arretarako eta erreparaziorako erakundeen arteko koordinaziorako protokoloa eguneratzen hasia da Usurbilgo Udala, Sortzen aholkularitza zerbitzuko kideen laguntzaz. Erakundeen arteko koordinaziorako protokoloa berdintasun planaren parte da.

"Udaleko Parekidetasun sailak, Gizarte Zerbitzuek, Udaltzaingoak eta ordezkari politikoez gain, herriko anbulatorioak, Osakidetzak eta Ertzaintzak ere parte hartuko dute lanean, Sortzen aholkularitza zerbitzuak lagunduta. Gainera, herriko zenbait eragile ere gonbidatu dituzte bertan parte hartzera, batik bat, mugimendu feminista eta hezkuntza komunitatea", berri eman dute Udaletik.

Urrian ekin zioten lanketa prozesuari. Bost saio egingo dituzte. "Lehenengoan, elkar ezagutu eta erakunde bakoitzak biktimen arretarako zein baliabide dituen eta nola artatzen dituzten azaldu zuten. Gainerako lauak hausnarketa saioak izango dira. Legediaren ingurukoa izango da lehenengoa. Hurrengoan, indarkeria matxistaren biktima diren ama eta euren seme-alaben gaiari helduko zaio, herriko mugimendu feministarekin eta hezkuntzako eragileekin batera. Ondoren, orain arte oso gutxi heldu izan zaion indarkeria matxistaren biktimen erreparazioaren gaiari helduko diote (erreparazio ekonomikoaz gain, politikoari eta psikologikoari begira ere). Azkenik, erantzun politiko-instituzionala landuko dute: udalbatzako hautetsi guztiekin hitzordua jarri dute, abendurako", aurreikusi dute. Aipatu moduan, abenduaren 19rako.