Euskaraldiaren herri batzorderako gonbita gaurko

Noaua Aldizkaria 2024ko abe. 10a, 09:14

Euskaraldiaren herri batzordea bilduko da gaur Potxoenean.

Lanean hasia da Euskaraldiaren Usurbilgo herri batzordea. Azaroan deitu zuen bilgunea osatzeko lehen bilkura, bigarrena, astearte honetarako, abenduaren 10erako antolatua du, arratsaldeko 18:00etan Potxoenean.

Azken saiotik honakora urrats gehiago eman dira maiatzean egingo den laugarren edizioko prestaketa lanetan. Batetik, herri batzordeko kideak, hilaren 3ko Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, azaroaren 30eko Aginagako Eliza Zaharra Elkargunean eginiko Euskararen Galan parte hartu zuten. Jaialdia, Euskaraldiaren beraren aurkezpentxoa egiteko baliatu zuen herrikide taldeak. "Hiru edizio eginak ditugu eta laugarren bati ekingo diogu datorren urtean", iragarri zuten. Oraingo honetan ere, "Euskaraldiarekin euskararen erabileran jartzen dugu arreta".

Ahobizi eta Belarriprest figurak hartuta, hizkuntza ohiturak laguntzea du xede ekimenak, "laguntzen digu ditugun hizkuntza ohiturak aldatzen, lehen hitza euskaraz egiten". Horregatik, maiatzera begira dira jada. "Maiatzean Aginagako eta Usurbilgo plazak astintzeko prest izango gaituzue zuen guztion laguntzarekin", egin zuten gonbita.

Ordura arte, prestaketa lanekin segiko dute eta haiekin bat egitera deitu zuten Euskararen Galan. "Gure taldera ere gonbidatu, aktibista ugari behar ditugulako ekimen hau antolatzeko".

Abestia
2025eko maiatzean egingo den 4. Euskaraldiak badu soinu-banda dagoeneko. Itxi berri duten 59. Durangoko Azokan aurkeztu dute. "Gure Bihotzaren Taupadak" izena du, bideoklipa albiste honi atxikia duzue. Bulego taldearena da sorkuntza lan hau, “edonork entzuteko moduko abesti herrikoia”.

Musikari dagokionez, "Euskaraldiaren izaera anitzarekin bat egiteko asmoz, edonork entzuteko moduko abesti herrikoi bat sortzea izan da helburuetako bat". Hitzek, berriz, “esatetik egitera” salto egiteko deia egiten dute, abestiaren bitartez “jendea ekintzara bultzatzeko asmoarekin”.

Hamaikakoa
Euskaraldiaren eraginkortasunean sakontzeko urrats berriak proposatzea; mugimendua indartzeko eta batzordeak elikatzeko urratsak ematea; eta, hirugarrenik, Euskaraldiaren inguruko giro soziala sustatzea. Horiek dira, euskararen erabilera sustatzeko 2024ko maiatzaren 15etik 25ra egingo den ekimenaren laugarren edizioko erronka nagusiak.

Azaroan aurkeztu zuten Euskaraldia dinamizatuko duen enbaxadore taldea; aurpegi ezagunez osaturiko hamaikakoa. "Konpromiso pertsonalak hartzeaz gain, Euskaraldiak behar eta sortzen duen mugimenduan eragile izango dira" eta horrekin batera, "euskararen erabileran aurrerapausoak eman eta hizkuntza portaerak aldatzera animatuko dituzte herritarrak".

Honako hauek osatu dute hamaikako ezaguna: Eneko Atxa Azurmendik (sukaldaria), Oihana Azkorbebeitia Urizarrek (mendi lasterkaria), Aitor Bengoetxea Zabalzak (musikaria), Lutxo Egia del Riok (idazlea), Eneko Garcia Jaurena-Albina Stardustek (trabestia), Ana Goitia Erkiaga (kazetaria, aurkezlea eta umoregilea), Itziar Ituño Martinezek (aktorea), Roberto Moso Gilek (komunikatzailea), Zibel Untsain Damestoik (dantzaria), Esti Urresola Solagurenek (zinemagilea) eta Mikel Urrutikoetxea Azkuetak (pilotaria).

Erronkak
Euskaraldiaren eraginkortasunean sakontzeko urrats berriak proposatzea; mugimendua indartzeko eta batzordeak elikatzeko urratsak ematea; eta, hirugarrenik, Euskaraldiaren inguruko giro soziala sustatzea.

Hiru erronka hauen bueltan aurkeztu zuten berriki 4. Euskaraldia. Irudi eta lelo berria estreinatu dute; "Elkar mugituz egingo dugu". Laugarren edizioa, "Euskaraldia gaindituko duen Euskaraldia" izatea nahi dute.Gogoan izan, aurreko hiru edizioak azaroa eta abendua artean egin izan dira, Euskararen Egunaren bueltan. Oraingo hau, estreinakoz, udaberri partean egingo da, maiatzaren 15etik 25era. Izan ere, sustatzaileen esanetan, "gizarte bizitza gehiago dagoen garaian esku hartu nahi du ekimenak, baldintza sozial egokiagoak dauden garaian hain zuzen, harreman sozialetan ahalik eta astinaldi handiena eragiteko, beti ere hizkuntzaren begiratutik". Antolatzaile askok aipaturikoa egikaritzea erabaki dute, beraz, "ariketa soziala udazken betean beharrean, udaberrian antolatzea".

"Zabaldu nahi dugu dinamika"
Egutegiari lotutako beste alderdi bat antolatzaileek nabarmendu nahi izan dutena. "Hamaika egunen bueltakoa izatea hobetsi da, bi asteburu hartuz, uste baitugu egun gutxiagotan ariketa modu sakonagoan egiteko aukera emango diela belarriprest eta ahobiziei, indarrak egun horietan bilduta". Halere, gogorarazi dutenez, "ez dugu nahi Euskaraldia hamaika egunetara mugatzen den ariketa soziala izan dadin soilik". Horregatik, diotenez, "zabaldu nahi dugu dinamika, denboran eta gizartean. Euskararen erabilera aktibatuko duen mugimendua elikatu nahi dugu".

Sakonago jota, ariketa sozial hau birdefinitzea erabaki dute. Euskaraldia, beraz, aurrerantzean, "euskararen erabilera aktibatzeko mugimendua" izango da. Hiru egiteko nagusi izango ditu: hizkuntza-ohituren inertziak astindu eta herritarrek euskara gehiago erabiltzeko urratsak eman eta entitateek euskaraz bizitzea ahalbidetuko duten neurriak hartzea; euskararen erabilera aktibatzeko mugimendua elikatzea; eta, "tokian tokiko euskalgintza aktibatzea eta lankidetzan aritzea, praktika linguistikoak erraztuko dituzten neurriak sustatu eta euskal hiztunak martxan jar ditzaten".

Eragin nabaria
Aldaketa hauek 320.000 herritar baino gehiagoren parte hartzea erakarri duten aurreko edizioetako balantzeetatik jasotakoak dira. Gogoeta prozesu horietatik hainbat gako nabarmendu nahi izan dituzte antolatzaileek. Esaterako, Euskaraldiak euskararen erabileraren handitzean eragiten duela, "lehen hitza euskaraz egitea eta elkarrizketa elebidunei eustean, adibidez" eta "ariketa praktiko erreala" dela.

Ondorioztatu ahal izan dute baita, hizkuntza-komunitate osoa batzen duela, erabilera-mota batzuk hedatu eta legitimatu, nazioartean interesa sortu, erdaldunengana heldu, euskaraz informatu eta hausnartzea sustatzearekin batera. Baina era berean, Euskaraldiaren eragin-esparrua mugatua dela diote.

Datorren ediziora begira, "ariketa ahalik eta ondoen prestatzea komeni da", ohartarazi dute eta gako garrantzitsua izaten segiko du txapen erabilera masiboak. Euskaraldi horri begira, gobernantza eredu partekatuan sakontzen segi asmo dute.

Hona hemen datorren 4. Euskaraldiari buruzko xehetasunen berri:


4. Euskaraldia
Noiz: 2025eko maiatzaren 15etik 25era.
Leloa: "Elkar mugituz egingo dugu".
Parte hartzeko moduak:
-Ahobizi: "Euskara ulertzen duten guztiekin euskaraz egiten dut uneoro. Kideek euskaraz ulertzen ote duten ez dakidanean lehen hitzak, beti, euskaraz egiten ditut; euskaraz ulertzen badute, euskaraz jarraitzen dut. Elkarrizketa elebidunetan ere euskarari eusten diot kideek ulertzen dutenean".
-Belarriprest: "Nire gaitasun eta aukeren arabera erabakitzen dut euskaraz noiz eta norekin egin. Agian beti ez dut euskaraz egingo ulertzen duten guztiekin, baina euskara dakitenek niri uneoro euskaraz hitz egitea nahi dut, eta horitxe eskatzen diet modu esplizituan".
-Entitateak: "ariketa modu erosoan egin ahal izatea eta euskararen erabilera handitzea izango da helburua; eta, horretarako, entitateei neurriak hartzea proposatuko zaie".

Deialdiak:
Urritik
Herrien eta entitateen izen ematea zabalik euskaraldia.eus atarian.

Urtarrila
Unitate didaktikoaren zabalkundea.

Martxoa
Belarriprestek eta ahobiziek izena emateko irekiera ekitaldia.

Maiatzak 15-25
4. Euskaraldia.