Alerta laranjan euriagatik igande eguerditik aurrera, abisupean haizeagatik

Noaua Aldizkaria 2024ko abe. 8a, 07:00

Azken orduotako ekaitz giroa are gehiago okertu daiteke datozen orduotan. Euriagatik alerta laranja izango da indarrean igande eguerditik astelehen eguerdira arte.

"Darragh" izeneko ekaitza gain-gainean dugu asteburu honetan. Larunbataz geroztik abisu horiaren eraginpean gara haizeagatik eta euriagatik. Gaur ere hala segiko dugu eguerdi partera arte. Igande honetan, abenduaren 8an, egoerak okerrera egin dezake. Izan ere, Euskalmet meteorologia agentzia ohartarazten ari denez, abisu horitik alerta laranjara igaroko gara igande eguerdi honetan.

Alerta laranja jarriko dute indarrean prezipitazio iraunkorragatik 24 orduz, astelehen eguerdiko 12:00ak arte. Tarte horretan, "80 l/m² baino gehiago pila daitezke Kantauri isurialdean. Zaparrada ertainak egingo ditu, iraunkorrak eta ugariak. Gauean prezipitazioa geroz eta urriagoa izango da". 

Haizeagatik indarrean ziren bi abisu horiek ere aktibatuak egoten segiko dute hurrengo orduotan. Haizeguneetan "ipar-mendebaldeko haize boladek 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete, bereziki egunaren lehen partean eta kostaldean non 110-120 km/h abiadura gaindi dezaketen". Haizeguneak ez diren tokietan, aldiz, 80 kilometro ordutik gorako haize-boladak izan ditzakegu. Gaurko eguna amaitzerako bi abisu horiok bertan behera utziko dituzte.

Iragarpena
Giro honekin, igande honetan, abenduaren 8an, "zerua oso hodeitsu egongo da. Zaparrada txiki-ertainak egingo ditu, zenbait lekutan iraunkorrak eta ugariak izango dira; baliteke handiak izatea. Trumoi-ekaitzak izan daitezke eta txingorra egin dezake. Ipar-mendebaldeko haize bizi-gogorra ibiliko da, bolada oso gogorrekin; arratsalde-gauean indarra galduko du. Tenperatura maximoak nahikoa edo nabarmen jaitsiko dira".

Astelehenean ere "zerua oso hodeitsu egongo da. Zaparrada txiki-ertainak egingo ditu, zenbait tokitan iraunkorrak eta ugariak, bereziki egunaren lehen partean. Goizaldean trumoi-ekaitzak izan daitezke eta kazkabarra egin dezake. Ipar-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira; minimoak leku batzuetan azken orduetan neurtuko dira".

Asteartean, "zerua oso hodeitsu egongo da; gauean hodeiak gutxitu egingo dira. Zaparrada txikiak egingo ditu, zenbait tokitan ertainak; gauean atertzera egingo du. Ipar-ekialdeko haize ahul-bizia ibiliko da. Tenperatura gutxi jaitsiko da eta zenbait tokitan minimoak azken orduetan neurtuko dira".

Datozen orduotarako iragarpen zehatzaren berri euskalmet.eus atarian jaso dezakezue.