Duela bi igande gertatu bezala, eguraldia dugu protagonista berriz ere. Izan ere, abisu horian gara haizeagatik eta prezipitazio iraunkorragatik atzotik. Gaur, gainera, alerta laranjan izango gara eguerditik, 24 orduz astelehen eguerdira arte euriagatik.
Testuinguru honetan, lehen gertakariak izaten ari dira azken orduotan. Herrikide batek bidalitako argazkia duzue albiste honi atxikitakoa. Zuhaitz bat jausi da bidera Txokoalde eta Urdaiaga artean.
Igande goiz honetan, abenduaren 8an, Euskotrenek jakinarazi duenez, bestalde, etenda egon da tren zerbitzua Usurbil eta Errekalde artean matxuragatik. Autobus zerbitzua ezarri dute tarte horretan, bidaiarien joan-etorria bermatzeko. Euskotrenetik aditzera eman dutenez, matxura konpondu eta tren zerbitzua berrezarri dute dagoeneko.
Bestalde, eguerditik aurrera, euriagatik indarrean izango den alerta laranja tarteko, bertan behera geratu dira espazio irekietan egitekoak ziren eskola kiroleko ekintzak.