Oria azken egunotako euri-jasei eusten

Noaua Aldizkaria 2024ko abe. 9a, 11:52

Uholde handirik eragin gabe, oso hazita dator Oria azken egunotako euri-jasen ondorioz, baina bere ohiko bidetik.

Azken egunotako euri-jasei eusten ari zaie irudiotako protagonista. Oraingoan, ordea, badirudi ez dela albiste izango Oria uholdeengatik. Izan ere, abisu horian ginen larunbataz geroztik euriagatik, atzotik alerta laranjan gara astelehen eguerdira arte.


Egunotan hemen eta ibaian gorago botatako euri-jasen islada argia da une honetan Oria. Baina eusten ari zaio. Zubietan edota Santuenea eta Txokoalde artean erriberetan zertxobait sartu da ura ohiko zonaldeetan. Gainerakoan, ordea, aipatu moduan, hazita, oso hazita dator Oria, baina bere eguneroko bidetik.

Usurbildik gertuen, Euskalmet meteorologia agentziak Lasarte-Orian duen estazioan bildutako datuen grafika duzue segidan. Bertan ikus daiteke, marra berdez Oriak azken orduotan izandako bilakaera. Atzo maila horia gainditu zuen. Astelehen goizaldeko 2:00etan eta 9:00ak baino lehen maila laranjara heltzear izan da, baina badirudi pixkanaka maila jaisten hasia dela. Aipatu moduan, eusten ari zaio Oria azken egunotako euri-jasei.