Alerta laranjatik abisu horira igaro gara

Noaua Aldizkaria 2024ko abe. 9a, 11:15

Igande eguerdiaz geroztik, euriagatik indarrean zen alerta laranja bertan behera utzi dute. Abisu horiaren eraginpean segiko dugu astelehen arratsaldeko 18:00ak arte.

Asteburuan izandako haize-bolada bortitzak baretu dira eta atertzen doala dirudi. Egoera baretzen doa, Euskalmet meteorologia agentziaren arabera. Izan ere, prezipitazio iraunkorragatik igande eguerdiaz geroztik, izatez astelehen eguerdira arte indarrean izan behar zuten alerta laranja bertan behera utzi dute.

Alerta laranjatik abisu horira igaro gara eta egoera horretan segiko dugu Euskalmet-en arabera, gaur arratsaldeko 18:00ak arte. "Eguna amaitu bitartean 10-30 l/m² pila daitezke Kantauri isurialdean eta 10-25 l/m² iragaite-zonan. Kantitate horiek puntualki handiagoak izan daitezke isurialdeen banalerroan (20-40 l/m²). Zaparrada ertainak egingo ditu, iraunkorrak eta ugariak", meteorologia agentzia ohartarazten ari denez.

Egunotarako iragarpena
Baldintza hauekin, gaur, abenduaren 9an Usurbilen, "zerua oso hodeitsu egongo da. Zaparrada txiki-ertainak egingo ditu, zenbait tokitan iraunkorrak eta ugariak, bereziki egunaren lehen partean. Goizean goiz trumoi-ekaitzak izan daitezke eta kazkabarra egin dezake. Ipar-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogor batzuekin goizean goiz. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira; minimoak leku batzuetan azken orduetan neurtuko dira".

Asteartean, "zerua oso hodeitsu egongo da. Zaparrada txikiak egingo ditu, zenbait tokitan ertainak, bereziki egunaren lehen zatian. Ipar/ipar-ekialdeko haize ahul-bizia ibiliko da. Tenperatura gutxi jaitsiko da eta zenbait tokitan minimoak azken orduetan neurtuko dira".

Asteazkenean ere,"zerua oso hodeitsu egongo da. Prezipitazio txikia egingo du noizbehinka. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da, eki-osagaia nagusituz. Tenperatura minimoak gutxi jaitsiko dira eta maximoetan aldaketarik ez".

Informazio eguneratua euskalmet.eus atarian jaso dezakezue.