San Tomas Azoka

San Tomas azokako antolaketan laguntzeko deia

Noaua Aldizkaria 2024ko abe. 9a, 09:33

Datorren igandeko, abenduaren 15eko San Tomas Azoka antolatzen laguntzeko deia egin du NOAUA! Kultur Elkarteak.

Herrigintzak auzolana behar du, ezinbestean. Izan ere, bestela, urtean zehar izaten diren hainbat ekimen egitea ezinezkoa litzateke. NOAUA! Kultur Elkartea, San Tomas Azoka prestatzen ari da abenduaren 15erako, baina laguntza behar du.

NOAUA! kideak elkarrekin aritzeko eta egoteko hitzordua izaten da urteroko azoka hau. "Guretzako egun hau zuekin konpartitzea oso garrantzitsua da, elkarren berri izateko baliagarria", aipatu kultur elkartearen esanetan. Horregatik, "abenduaren 15ean ospatuko dugun azokan elkarrekin aritzea gustatuko litzaiguke".

Laguntzarako hitzordua jarri du kultur elkarteak, hilaren 15ean bertan, goizeko 8:30etan frontoian. Gonbita, beraz, egina du bilgune honek. "Bazkide berriak, hasieratik zaudetenak eta bazkide izateko gogoz zaudetenon laguntza eskertuko dugu azoka antolatzeko lanetan!! Gainera, elkarrekin hamaiketako goxo bat egin eta elkarrekin egoteko aukera ere baliatuko dugu".

Animatzen zaretenok, kultur elkarte honek eskertuko luke "lanak banatu eta ondo antolatu ahal izateko" laguntzera etor zaitezketela ziurtatzea aurrez, abenduaren 12a baino lehen, elkartea@noaua.eus helbidera idatzita. Bestela, deitu 943 360 321 telefono zenbakira edo etorri Bordaberri 3ko egoitzara.

Askotariko osagaiak
Aipatu moduan, ate joka dugu aurtengo San Tomas azoka. Abenduaren 15ean izango da, igandearekin. Jan-edanik ez da faltako; bertako sagardoa, taloak eta gaztain erreak dastatzeko aukera izango da. Babarrun eta sagardo lehiaketen sariketak ere zuzenean biziko ditugu. Musikarik ez da faltako, ezta hainbat postu ere, osteratxoa egin eta erosketetarako.