Herrikideak Gipuzkoako kirolarien sariketarako hautagaien artean

Noaua Aldizkaria 2024ko abe. 11a, 09:24

Gipuzkoako kirolariak edo alor honekin zerikusia dutenak saritzen dituen ekimeneko hautagaien artean dira zenbait herrikide.

Urtero moduan, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolaturiko Gipuzkoako kirolaren gala ospatuko da abenduaren 20an Irungo Ficoban. Herrialde honetako kirolariek nahiz alor honekin lotura duten pertsonek kirolaren alde eginiko lana aitortzen da hitzordu honen bidez.

Besteak beste, Gipuzkoarren Kirola Herritarren Saria banatuko dute eta hori herritarrek erabakiko dute. Igandera arteko, abenduaren 15eko epealdia dago bozkatzeko. Horretarako, esteka honetan sartu behar duzue: gipuzkoa.eus atarian. “Lagundu iezaguzu aurten Gipuzkoako kirolaren balioak hobekien ordezkatu dituen kirolaria edo kirol taldea aurkitzen”, egin dute gonbita.

Hautagaien artean herrikiderik bada. Izan ere, batetik, ligako, erreginaren kopako eta iberiar superkopako txapeldun Donostiako Bera Bera eskubaloi taldea dago eta bertan, jokalarien artean, Kalezarko Esther Arrojeria eta entrenatzaile taldean Urdaiagako Jon Begiristain. Hautagaien artean da baita, Parisko Paralinpiar Jokoetan hainbat diploma irabazitako Nahia Zudaire Borrezo Zubietako igerilaria.