Elkargunea eraikitzeko eta haur eskola eraberritzeko urrats berri bat

Noaua Aldizkaria 2024ko abe. 12a, 10:21

Udalbatzak iraila amaieran behin betiko onarturiko 2,7 milioi euroko kreditu aldaketarekin beste urrats bat eman zuten udal taldeek azaroaren 28ko osoko bilkuran. Izan ere, 2,7 milioi euro horiei aurre egiteko mailegu bat eskatu asmo zuen Udalak. Mailegu eskaera hori onartu zuen azaroa amaierako osoko bilkuran. Udalak hiru mailegu eskaintza eskatu zizkien udalerrian kokaturiko beste hainbeste finantza entitateei. Hiru eskaintzak aztertuta, Rural Kutxarena hobestea erabaki zuen udalbatzak gehiengo osoz azaroaren 28ko osoko bilkuran; EHBilduren aldeko botoekin. EAJ eta PSE abstenitu ziren.


Mailegua
Diru kopuru hau bi proiektu garatzeko baliatuko dute; batetik, anbulatorio ondoko zelaian kokatu asmo duten Elkargunerako eta baita haur eskola eraberritzeko ere.

Mailegu hau 2027an ordaintzen hasiko da Udala, egun ordaintzen segitzen duen Zumarte Musika Eskolako eraikina berritzeko eskatua zuena ordaintzen amaituko duen urte berean hain zuzen. Mailegu hau eskatzeari esker, udal gobernu taldetik irailaren 26ko osoko bilkuran aditzera eman zutenez, “urtero aurrekontuetan zama bat eragingo badigu ere, udal honen aurrekontua kontuan hartuta ez digu eragotziko bestelako inbertsioak egin ahal izatea: orain arte ere hala izan da”. Zenbakitan, urtero 250.000-300.000 euro bideratu beharko dira udal aurrekontuetatik mailegu hau ordaintzera. Horregatik, udal gobernu taldearen esanetan, mailegu horrek bestelako inbertsioak egin ahal izatea erraztuko du.

PSE-ko bozeramaile Petri Romerok balekotzat jo zuen mailegua orain eskatzea baina proiektuari buruzko zehaztasun gehiago jasotzeko nahia agertu zuen. Ildo beretik mintzatu zen baita EAJ udal taldea. “Ez dago ezer mahai gainean”, adierazi zuen Xabier Otxoa jeltzaleen bozeramaileak. Proiektu eta aurrekontu zehatzik gabe “abenturatzea da” bere esanetan, kreditu aldaketa hori onartzea. Ez dute beharrezkoa ikusten modu horretan egitea, gogorarazi zutenez, aurten dirurik xahutzerik izan ez eta laster 2025eko udal aurrekontuak negoziatzeko unea helduko denean. Argi utzi nahi izan zuten, “Elkargunea babesten dugu”, zioen Otxoak. Guraso talde batek eginiko eskaerarekin bat eginez, gainera, haur eskola eremu berean integratzearen alde agertu zen EAJ. Proiektuarekiko aurkakotasunagatik ez, “moduak ez dira egokiak” adieraziz aurka bozkatuko zutela iragarri zuten.

Horri erantzunez, udal gobernu taldetik jakitera eman zuten, proiektu zehatza osatzeko lanean ari direla. Gogoan izan, Elkargunearen egitasmoa diseinatzeko negu eta udaberri partean Elhuyarrek dinamizaturiko parte hartze prozesua egin zela herrian. Prozesu horretan jasotakoan oinarrituko da egitasmoa. “Elkargunearen partaidetza prozesuan oso presente egon da alde ekonomikoa: oraindik ez daukagu proiektu arkitektonikorik, baina badakigu gehienez ere zeri erantzun diezaiokegun”, udal gobernu taldearen esanetan

Kreditu aldaketa hauek egiteko 2024ko udal aurrekontuen partiden garapenari eginiko jarraipenetik dator. Urtea amaitu arteko aurreikuspenak egitetik hain zuzen.