Gaurko helduentzako solasaldi filosofikoa atzeratu egingo dute

Noaua Aldizkaria 2024ko abe. 13a, 09:23

Ostiral honetarako, abenduaren 13rako iragarria zuten helduentzako saio filosofikoa urte berrira atzeratzea erabaki du antolakuntzak. Aurrerago jakinaraziko dute data zehatza.

Filosofatzeko gune askea berriz antolatua zuten ostiral honetarako, abenduaren 13rako, baina antolatzaileek jakinarazi dutenez, hitzordua atzeratzea erabaki dute. Helduei zuzendutako solasaldi filosofikoaz ari gara. Jakinmin Elkarteak eta Usurbilgo Oinherri Herri Hezitzailea Elkarteak azken urteotan hausnarketarako gune aske hau sustatzeko lanean dihardute Usurbilen, gaztetxo eta helduekin.

Saioen abiapuntua hitzorduok gidatzen dituenaren galdera bat izaten da eta hortik aurrera, bertan daudenek hitza hartu eta hausnarketarako bidea zabaltzen dute. Epaiketarik gabe, iritzi eta gogoeten elkartrukeari ekiten diote askatasun osoz saioa amaitu arte. "Pentsatzen ikastea garrantzitsuagoa da zer pentsatu behar dugun jakitea baino, eta hori da gure helburua: apurka-apurka pentsatzen ikastea, galderetatik abiatuz arrazoitzen eta argudiatzen saiatzea. Funtsean, filosofatu egiten dugu eta horretarako denok gara gai!", antolatzaileen esanetan.

Filosofatzearen onurak gogorarazi dituzte. "Filosofatzeak berarekin dakar pentsamendu kritikoa garatzea. Pentsamendu kritikoa beti uste izan duzun hori zalantzan jartzea da, eta beste zerbait pentsatzeko irekita egotea; pentsamendu kritikoa lehenengo erantzunarekin ez konformatzea da eta iruzurrekiko eta ezjakintasunarekiko antidoto gisa funtzionatzen du".

Tarteka antolatzen dituzten hitzorduotako bat, ostiral honetarako, abenduaren 13rako iragarria zuten arratsaldeko 18:30etan Potxoenean. Antolatzaileek ohartarazi dutenez, ordea, bertan behera uztea erabaki dute. 2025ean, urte berriarekin batera egingo dute. Data berria, aldiz, aurrerago zehaztekotan geratu dira.