Euskarazko film proiekzioa igandean, datozen gabonetako eskaintzako hamaika hitzorduetako bat

Noaua Aldizkaria 2024ko abe. 13a, 08:55

Oporraldi giro betean murgiltzear diren etxeko txikienentzako eskaintza oparoa prestatu dute herri eragileek asteotarako; tartean, hiru hitzordu, abiatzear dugun astebururako.

2024-25 ikasturteko lehen hiruhilekoak berea egitear du. Irailean hasitako denboraldian bi aste pasatxoko etenalditxo bat hartuko dute laster gaztetxoenek oporretarako, nahiz, ohi bezala, aspertzeko tarterik ez duten izango.

Izan ere, hamaika ekimen iragarri dituzte herri eragileek asteburu honetan hasi eta urtarrilaren 5era arte. Lehenengo hiru hitzorduak aipatu moduan, larunbat eta igande honetarako. Bihar, hilak 14, Santuenean egingo den Gabonetako Azokaren baitan haurrei zuzenduriko tailerrak izango dira, gabonetako argiak piztearekin batera. Biharamunean, beste hainbeste gertatuko da goiz parteko NOAUA! K.E.-ren San Tomas Azokan.

Azkenik, azaroaz geroztik abian den negu parteko euskarazko zine zikloaren bigarren proiekzioa eskainiko da igande arratsaldean Sutegin. Lerrootan dituzue xehetasunak.

Haurrei zuzenduriko eskaintza
Abenduak 14, larunbata
Ordua: 16:00-20:00.
Tokia: Santueneko frontoia.
Zehaztasunak: "Postu horietan auzoko nahiz inguruko artisauek egindako eskulanak eta jakiak salgai egongo dira. Haurrentzako tailerrak egongo dira eta Nuria Culla arituko da arratsaldea girotzen bere abestiekin. Arratsaldean zehar Gabonetako zuhaitzaren argiak piztuko dira".
Antolatzailea: Santuenea Kultur Elkartea.

Abenduak 15, igandea
Goizean zehar, San Tomas azoka frontoian. Haurrei zuzenduriko eskaintza izango da.
Antolatzailea: NOAUA! K.E.

17:00 "Sablehortz kapitaina eta diamante magikoa" filmaren proiekzioa Sutegiko auditorioan.
Sinopsia: "Kondairak dio badela nonbait ahalmen berezidun diamante magiko bat: ilbetearen argiak ukitzen duenean, bere jabearen desioak betetzen omen ditu. Maga Kahn mago arriskutsuaren ametsa bizitoki duen oihan ilunetik ateratzea da. Izan ere, ezin du eguzkiaren argia jasan, erre egiten baita izpi batek azala ukitu bezain pronto. Sablehortz kapitainak, itxuraz, munduko piratarik anker eta beldurgarrienak, bere ontzia urrez eta bitxiz bete nahi du. Pinky gazteak, aldiz, bizimodu lasaia beste helbururik ez du, eta, Veronicak, haren lagunik onenak, abenturak ditu amets Ezustean, baina, Marco txikia da diamantearekin ihes egiten duena, eta konturatu orduko, denak ere diamante magikoa lortzeko lasterketa arriskutsu batean murgilduko dira".
Sarrerak: 3,20 eurotan usurbilkultura.eus plataforman.
Antolatzailea: Usurbilgo Udala.
Laguntzailea: Ziortza Gazte Elkartea.