2025eko zerga, tasa eta prezio publikoak hasieraz eta gehiengo osoz onartu zituen udalbatzak urriaren 10ean eginiko ezohiko osoko bilkuran. KPI-aren abuztuko %2,6ko igoera orokorra aplikatzea hobetsi zuten, baina salbuespen berriekin. Urriaren 17an 30 laneguneko epealdian jendaurrean jarri zituen Usurbilgo Udalak. Tarte horretan, erreklamaziorik jaso ez denez, behin betiko onartu ditu, abenduaren 13ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez berri eman zuenez. Bertan dituzue gai honi buruzko xehetasunak. Urtarrilaren 1etik aurrera indarrean izango dira.
Gehiengo osoz
Ezinbesteko tresnatzat definitu zituen udal gobernu taldeak eskuartean duten proiektu politikoa garatzeko urriaren 10ean eginiko ezohiko osoko bilkuran; "Usurbil berdinzaleago, bizigarriagoa eta jasangarriagoa eraikitzen laguntzeko" hain zuzen. 2025eko zerga, tasa eta prezio publikoei buruz ari ziren. Ezohiko saio hartan onartu zituzten hasieraz eta gehiengo osoz EHBilduren eta EAJ-ren aldeko botoekin. PSE abstenitu egin zen.
Aurreko urteen ildotik, abuztuko KPI-aren igoera aplikatzea onartu zuten, %2,6a, baina ohi den moduan, salbuespen hainbatekin. Salbuespen horietan bada berrikuntzarik, gainera. Berdintasuna, justizia soziala eta trantsizio ekosoziala lehenetsi nahi dituzte neurriokin.
Hondakinen tasa
Hondakinen tasari dagokionean, %15eko igoera aplikatzea proposatu zuten, inguruko udalerrietan planteatzen ari diren eta udal gobernu taldetik azken osoko bilkuran nabarmendu zuten %30-50 arteko "igoera eskandaluzkotik" urrun, beraz. Alor honetan izaten diren praktika desegokiak are gehiago zamatuko ditu Udalak 2025etik aurrera, "sortzez besteko sistemaren bidez". Udaleko ingurumen sailak eta atez ateko bulegoak hondakinen sailkapen egokiari buruz eginiko azterlanaren arabera, hainbat etxeetan "ez da errefus unitaterik zenbatu" etxebizitza hutsik egon edo kubo grisa zintzilik ez uzteagatik. Kasuok praktika desegokitzat joko dira eta hondakinen tarifaren zati aldakorrari 87 euroko igoera aplikatuko zaio urte amaierako fakturan.
%150eko errekargua
Justizia sozialaren bidean, nabarmentzeko moduko neurri bat hartzea erabaki dute egungo arazo sozial larrienetakoa denarentzat. 2025etik aurrera, etxe hutsei %150eko errekargua aplikatuko zaie Ondasun Higiezinen Zergan. %50ekoa zen orain arte. 205 etxe huts ditu egun udalerri honek, neurri horrekin alokairura bideratzea sustatu nahi dutenak. Gipuzkoak duen legediak baimentzen du igoera hau indarrean jartzea. Izan ere, udal gobernu taldetik urria hasierako osoko bilkura hartan gogorarazi zutenez, tentsionatutako eremu izendatzeko prozedura abian du udalerri honek. Testuinguru honetan, aipatu igoera ez da udal gobernu taldetik sustatuko duten neurri bakarra izango. Gai honi buruzko diagnosi bat egina dute, laster herriari aurkeztu asmo diotena.
Kirolari Txartela
Bada bestelako berrikuntzarik ere, kirol arloan hain zuzen. Orain arte, alor honi lotutako hiru prezio publiko zeuden eta horietan igoerak iragarri dituzte: Kiroldegiko abonamendua (%4,5eko igoera, Buruntzaldea mailan adosturikoa), ikastaroetako prezioak eta kirol instalakuntzak erreserbatzeagatik ordaindu beharrekoa. Laugarren bat txertatuko dute 2025ean; Kirolari Txartela izenekoa, historikotzat jo zuten arazoa konponbidean jartzera datorrena. Bere jabe egiten denak ez ditu eskuratuko abonatu batek dituen eskubide guztiak, "behar duen horretarako kirol instalakuntzak erabiltzeko aukera" baizik. Alegia, ordutegi zehatz baten baitan kirol instalakuntza konkretu bat baliatzea ahalbidetuko du. Abonamendu prezioaren %60a aplikatuko zaio. Aurtengo ikasturtea abian denez, 2025eko irailean jarriko dute martxan. Datorren urteko uztailaren 1etik 20ra eskatu ahalko da.
Aldaketa gehiago ere badira. Esaterako, iaztik abiarazitako igoera progresiboari jarraiki, beste 15 euro garestituko da Udajolas, kuota horiekin zerbitzuaren erdia baino estaliko ez den arren. Horrez gain, Eraikuntza, Instalazio eta Obren Gaineko Zergan %5a aplikatuko da, iaz baino %20 gehiago (%40a) aplikatuko da ur arazketagatik. Azkenik, jardueraren edo instalazioaren funtzionamenduari lotutako tarifak berrikusi eta aldatu asmo dituela berri eman du Udalak, "eta hainbat kasutan, merkatu", udal-langileen lan orduak ordenantzetan jasotzearekin batera.
Hobariak
Prezioen garestitze hauek herritar orori modu berean ez diela eragingo jabetuta, azken urteon ildo beretik, %50-90 arteko hobariak eskuratu ahalko dira, bizikidetza unitateko kide kopuruaren eta diru-sarreren arabera. Udaletik zehaztu dutenez, egun 180 dira hobarien onuradunak. 2025ean Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergari dagokionean, %95era arteko hobariak eskatu ahalko dira, trantsizio ekosozialari begirako neurriak hartuz gero eta %50era artekoak, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergan "ibilgailu hibrido edo erabat elektrikoengatik, matrikulatzen direnetik lau urtez".
EAJ alde
EAJ-k babestu egin zuen udal gobernu taldearen proposamena. Bidezkotzat jo zuen KPIaren igoera aplikatzea 2025eko zerga, tasa eta prezio publikoei, pozgarritzat etxebizitza politikari lotutako neurria, baita Kirolari Txartelarena ere. "Herritarrek asko eskertuko dute", adierazi zuen EAJ-ren bozeramaile Xabier Otxoak.
PSE, abstenitua
PSE-k abstentziora joko zuela iragarri zuen. Izan ere, "sistema bidezkoagoa eta progresiboagoa eratzen duten tasak eta zergak defendatzen ditu, gehien dutenek ekarpen handiagoa egin dezaten" eta modu horretan, "herritar guztiek kalitatezko zerbitzu publikoak izango dituztela ziurtatuz". Etxebizitza hutsen gaineko %150eko errekargua ontzat jo arren, Etxebizitzaren Euskal Legean ezarritako metro karratuko 10 euroko kanona (okupatu gabeko urte bakoitzeko %10eko igoera izango lukeena) aplikatzearen alde agertu zen alderdi hau. Bestalde, gehiegizkotzat jo zuen gehiago kutsatzeagatik hondakinen tasan ordaindu beharreko kopuruaren igoera. Garestitze mailakatuagoaren alde agertu zen Petri Romero.
Zero defiziterantz
Adierazpenon aurrean, hobarien sistema zabala igoera hauen abiapuntu izango direla erantzun zioten udal gobernu taldetik PSE-ren bozeramaileari. Helburua, zerbitzu eta eskaintza publiko osoan herritar guztien aukera berdintasuna bermatzen segitzea izango da, "errenta ez izatea oztopoa zerbitzu publikoez gozatzeko", EHBildutik gogorarazi zutenez. Hondakinen gaiari dagokionean, gai honen inguruan sortutako eztabaida tranposotzat jo zuen EHBilduk. Izan ere, onartua den 7/2022 Legeak dio 2025erako hondakinen bilketak eragindako defizitak zero izan behar duela bai, baina defizit hori sortzez besteko tarifikazioaren araberakoa izan behar duela, udal gobernu taldetik gogorarazi zutenez. %87ko gaikako bilketa duen udalerri honek martxan du neurri hori aspaldidanik. 2025ean, gainera, garestitu egingo du desegoki jokatzen dutenen kasuan.
Honenbestez, "bere etxeko lanak ondo eginda iritsiko da egoera horretara", nahiz igoera hauekin egungo %25-30eko defizita zero izatea ez den lortuko. Norabide horretan, kokatu du udal gobernu taldeak hondakinen tasari 2025ean aplikatuko zaion %15eko igoera, "hondakinen bilketaren eta kudeaketaren arteko finantza oreka lortzeko ahaleginean", pausoz pauso, "tasa pixkanaka igoz eta gastuei eusteko ahalegina eginez". Halere, udal gobernu taldetik gogorarazi zutenez, %10eko defizita izango luke herri honek, baldin eta eramandako hondakinen araberako tarifa ordainduko balitz.