Herri merkataritzaren eta ostalaritzaren alde lasterka eginez urtea festa giro alai eta aldarrikatzailean agurtzeko gonbita egingo digu aurtengoan ere aipatu herri bilguneak. Sektoreotako saltoki gehienak biltzen dituen Usurbilgo Kaxkoko eremuari bi itzuli emanez, herriko ostatalarien eta merkatarien bilgunearen izena daraman San Silbestre Herri Lasterketa antolatu dute abenduaren 31rako. Arratsaldeko 17:00etan abiatuko da frontoitik. Aipatu moduan, bi itzuli emango zaizkio herriko merkatalguneari.
Herriko ostalarien eta merkatarien elkarteak antolaturiko ekimenerako izen-emateko epea zabaldu berri dute antolatzaileek gertuago.eus atarian. Izena, abizena eta adina zehaztu beharko dute parte hartzaileek. Doan inskribatu ahalko da telematikoki abenduaren 27ko arratsaldeko 14:00ak arte, baina baita proba egunean bertan ere. Hilaren 31n, 16:00-16:30 artean, frontoian eman ahalko da Hurbilago San Silbestre Herri Lasterketarako izena.
Adi, antolatzaileek iragarri dutenez, "parte-hartzaile guztien artean, sari ezberdinak zozketatuko ditugu, eta horrez gain, mozorrorik onena duen parte-hartzaileak sari berezia izango du!". Hortxe, beraz, urteko azken egunerako gonbita. "Mozorroak prestatu eta zatoz giro ezinhobean gozatzera!".