Euskaltzaleen Topaguneatik Taupa Euskaltzaleen Mugimendura

Noaua Aldizkaria 2024ko abe. 16a, 09:18

Jauzi kualitatibo nabarmena eman du NOAUA! K.E. kide duen euskaltzaleen sareak; topagune izatetik mugimendu izatera bilakatu da.

"Topagunea ginen. Mugimendua gara" orain. Halaxe aurkeztu dute asteburuan Taupa Euskaltzaleen Mugimendua, Euskaltzaleen Topagunearen lekukoa hartzera datorrena. Batean zein bestean daude tokiko euskarazko hedabideak, tartean, NOAUA! Kultur Elkartea.

Asteburuan jendarrean eginiko aurkezpenarekin, jauzi kualitatiboa eman da. "Euskara elkarteen topagune izatetik, euskaltzaleen mugimendu izatera igaro gara, eta herri batzuetan jardutetik, Euskal Herri osoan antolatzera", berri eman dute. Hala, aurrerantzean euskaltzale oro, eragile edota elkarte antolatua nahiz norbanakoa izan, guztiek "ekarpena egiteko modu berriak izango dituzte, norbere aukera eta nahietara ahalik eta hobekien egokituko direnak". Modu horretan, "euskaltzale mugimendu indartsuago eta zabalago bateko kide izango dira, herri proiektu ilusionagarri baten aldeko eragile". 

Euskararen erabilera jomuga
Mugimenduaren egiteko nagusiak "euskararen erabilera eta euskaltzaletasuna sustatzea" dira, baina haratago ere joan nahi dute. "euskararen ardatzean askotariko jendea bilduz, herri proiektu ilusionagarri baten eragile erreferente izan nahi dugu".

Berdinzalea, burujabea, pragmatikoa eta eraikitzailea izango den mugimendu honek komunitatean lan egingo du. 

74 euskara elkarte batzen ditu Taupak egun; tartean, NOAUA! bera. Elkarteok elikatu eta herritarrak saretzen jardungo du.

Taupa mugimendu berrira batu, ekarpenak egiteko dauden moduen berri jaso edota xehetasun gehiagoren berri izateko taupamugimendua.eus atarira jo dezakezue.


Topaguneari esker
80. hamarkadatik jorraturiko ibilbidean haratago eman nahi izan den urrats da hau sustatzaileen esanetan. Izan ere, duela lau hamarkada hasi ziren sortzen lehen euskara elkarteak. 1996an "indarrak batu eta Euskaltzaleen Topagunean federatu ziren, erakundetze eta antolaketa sendoago baten bila". Elkarteen zerbitzura egoteaz gain, "nazio mailako funtzioak eta herri mugimendu izaera" indartzeko erronkak jorratzen aritu da.

Ordutik gaur arte, "Topaguneak nazio mailako erakundea izatea lortu du, euskarari buruzko pentsamendua eta diskurtsoak sortzeko eta gizarteratzeko gaitasunean indartu da, bazkideen formazio eta harrerarako mekanismoak eratu ditu eta Euskaraldia moduko dinamika zabal eta berritzaileak plazaratu".