J.M. Torrealdai beka

"EHZ 1996-2026: herri bat zuzenean", J.M. Torrealdai beka deialdiko lan irabazlea

Noaua Aldizkaria 2024ko abe. 17a, 14:55

Joan Mari Torrealdai beka deialdiaren bigarren edizioak badu lan irabazlea. Gaur ezagutarazi dute; "EHZ 1996-2026: herri bat zuzenean" egitasmoa da.



"Euskal kultura azterketa gaur". Horixe zuen izena, Usurbilgo Udalak eta Jakin Fundazioak sustaturiko Joan Mari Torrealdai bekaren bigarren deialdiak. Maiatzean abiatu zuten egitasmoa. Urriaren 21era arteko epealdia finkatu zuten, bereziki Torrealdaik landutako esparru nagusietan kultur ikerketak eta egitasmoak bultzatzea xede duen beka deialdirako proiektuak jasotzeko.

Tarte hura igarota, epaimahaiak eginiko hautaketa lanaren berri eman dute gaurkoan ekimen honen bultzatzaileek agerraldi bidez, Potxoenean. Joan Mari Torrealdai bekaren bigarren edizioko proiektu irabazlea, "EHZ 1996-2026: herri bat zuzenean" izenekoa izan da.

Epaimahaiak hala erabaki du, lan irabazlearen egileak eta antolatzaileak bildu dituen prentsaurrekoan nabarmendu dutenez, intereskotzat jo dutelako gaia bera. "Ikusten zen mamia bazegoela, eta ikusten zen proposamenak zekarren aztergaia, EHZ euskal musikagintzan, euskal eszenan oso-oso lagin interesgarria zela", bai plaza musikal gisa baita bere antolakuntza ereduagatik ere, Jakineko ordezkari eta epaimahaiko kide Haritz Azurmendik azaldu duenez.

Epaimahaiaren arabera, gainera, erabat bat dator abiapuntutik Torrealdaik ikerketaren bidez sustatzen zuen "izpiritu eragilearekin". Aipatu denez, bolondres ibilitakoek egin asmo dute ikerlana.

Kasu honetan, lan irabazleak, ikerketa hau tresna gisa erabili nahi du EHZ-ren transmisioan eragiteko. "Antolakuntzan pilatutako esperientzia, eztabaidak, aurrera begirako gogoetak aletzeko" baliatu nahi dute proiektua. Egitasmo honen beste indarguneetako bat dena ere nabarmendu dute gaurko agerraldian. Ondorio teorikoetara heltzeaz gain, ikerlana baliatu nahi dutela "beste musika esparruetan, antolatzaileentzat edota EHZ berarentzat ondorioak ateratzeko".

Horretarako, "plangintza zabala" diseinatua dute, ondorio horiek jaialdi barruan nahiz handik kanpo partekatzeko. "Zabalpen bide ugari" izango dituztela iragarri da gaurkoan.

Lau proposamen
14.000 euro irabazi ditu EHZ-ri lotutako ikerlanak. Egileek 18 hilabeteko epealdia izango dute orain, egitasmoa garatzeko. Egileak zoriontzearekin batera, poztasuna agertu dute sustatzaileek lan irabazlearekin baita bigarren beka deialdi honek izandako harrerarekin ere. Izan ere, estreinako edizioa "oso potente etorri zen", Azurmendik oroitarazi duenez, baina bigarrena ez da gutxiagorako izan. Denera, lau proposamen jaso dituzte. Guztien maila goraipatu dute. "Torrealdaik zuen intuizio hori; kultur esparru bat aztertzen badugu, kultur esparru horretatik atera daitezke ondorio esanguratsuak euskal kulturaren" inguruan. Horren haritik, "proposatzen genuen Torrealdaik egindako liburugintza azterketa eredu hori berritzea, gaur egundik berrinterpretatzea edota eredu edo inspirazio horren muina beste kultur adierazpen, esparru batzuetara eramatea". Jasotako proposamen gehienek "bigarren bide hori hartu dute". Hala, zinemagintza, jakintza soziolinguistikoa edota musikagintza aztertzeko proiektuak aurkeztu dira.

Azken horren aldeko, euskal musikagintza ikertzearen aldeko apustua egin du estreinako edizioko epaimahai berak; Maialen Akizuk, Eduardo Apodakak, Ibai Iztuetak, Azurmendik berak eta Ainara Lasak.

"Ikerketa sustraitua"
Beka deialdiaren izaera goraipatu dute sustatzaileek, omenduarekin, Joan Mari Torrealdairekin duen lotura estua. Jakin fundazioko lehendakari Lorea Agirreren esanetan, "kultur ikerketak eta egitasmoa, ez bakarrik pentsatzea baita ekitea sustatzea du xede bekak, Torrealdaik berak kulturgintzari, herrigintzari, Euskal Herriari eginiko ekarpenaren muina hori zelako. Berak asko ikertu zuen eta asko ekin zuen eta leku askotan", nabarmendu duenez, "beti sakon eta testuinguruan. Ez zen teoriko huts bat, oso praktikara begirako ikerlari edo kulturgilea izan zen".

Adibide gisa jarri ditu, Torrealdaik jorraturiko liburugintzaren ikerkuntza, zentsurarena, liburutegi nazionalaren proiektua, euskara batua Euskal Herri nazional baten zerbitzurako eginiko defentsa... "Ikerketa sustraitu bat bultzatzen zuen eta hain zuzen aurtengo proiektu irabazlea, bete-betean sartzen da ikerketa sustraituaren kontzeptu honetan, Torrealdaik bere bizitzan egin zuen lanaren lerro horretan". Izan ere, EHZ-ren egitasmoa "lur hartzen duen proiektua delako herrigintzan. Esango nuke, gainera, hainbat muga hausten dituela eta elkargune berriak eraikitzeko baliagarria izango dela". Tartean, EHZ-ren, Udalaren eta Jakinen artekoa. Belaunaldiartekotasuna, kulturartekotasuna, muga gaindikotasuna, kultur diziplinartekotasuna... ere sustatzen ditu proiektu honek Agirreren esanetan.

Eskerrak helarazi nahi izan dizkio Usurbilgo Udalari, "beka hau abiatzeko lankidetza aukera sortzeagatik. Usurbilgo udalarekin badugu beste ekimen bat ere; Jakin jardunaldiena. Beti da erraza eta emankorra lankidetza hau", azpimarratu du.

Ezinbesteko hausnarketa
Ildo beretik mintzatu da baita Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkatea, bi urteko lankidetza honen inguruan. "Torrealdairen izena eta izana uztartuko dituen egitasmo bat abiatzeko nahiak batu gintuen, Usurbilek eta Euskal Herriak Torrealdairi egin ziezaiokeen omenaldirik onena zela sinetsita".

Lankidetza hitzarmena sinatu zuten Udalak eta Jakinek beka deialdi honen sustapenerako. Testuinguru horretan, "Udalak urtero 15.000 euro bideratzen ditu beka deialdiarekin eta ikerketatik eratorritako proiektua zabaltzeko edo dibulgatzeko eta Jakin arduratzen da bekaren kudeaketa osoaz".

Iragan maiatzean aurkeztu zuten aurreko ediziotik eratorritako emaitza, "Artxibo biluzia" argitalpena, bigarren beka deialdi honi buruzko xehetasunak plazaratzearekin batera. "Beka honen gaia, Jakinek berak ekarri zuen, ohi bezala, gure ustez ezin hobekiago ekarria, izan ere, laster beteko direlako 50 urte Joan Mari Torrealdaik bere liburugintza azterketa abian jarri zuela, ideia argi batekin; liburugintza aztertu, euskal kulturaren eta gizartearen egoeraz, nolakotasunaz ondorioak atera eta horren baitako kultur politikak irudikatu eta abian jartzeko".

Deialdira aurkeztutako proiektuek, alkatearen iritziz, "iruditzen zait ederki erreparatu diotela ildo horri, azken batean, helburua badelako etorkizuneko kultur politikak ontzea". Solaberrietarentzat "kulturgintzak eta oro har euskal herrigintzak ezinbestekoa du hausnarketa hori" etorkizunera begira.