J.M. Torrealdai beka

"Euskal musikagintzak azken 35 urteotan izandako bilakera" aztertuko dute

Noaua Aldizkaria 2024ko abe. 17a, 14:31

Joan Mari Torrealdai beka deialdiaren bigarren edizioko proiektu hautatuaren egileek, datorren urte eta erdian garatuko duten egitasmoaren nondik norakoak azaldu dituzte, Potxoenean eginiko agerraldian.

 

"EHZ 1996-2026: herri bat zuzenean" proiektuak jaso du Joan Mari Torrealdai bigarren beka, gaur Potxoenean egindako agerraldian berri eman dutenez. Bertan ziren baita egitasmoaren sustatzaileak, Joana Barbier eta Aitor Servier, deialdiaren bultzatzaile diren Usurbilgo Udaleko eta Jakin Fundazioko ordezkariekin batera. Esker oneko agertu dira. "Torrealdi beka jasotzea guretzat ohorea da".

Erabat lagungarria izango zaiela gaineratu du Barbierrek. "Jakinez festibalak 30 urte beteko dituela 2026an, gogoeta fase horretan lagunduko gaitu ikerketa lan horretan sakontzeko". Izan ere, duela bizpahiru urte hausnarketa faseari ekin zioten EHZ-ren sustatzaileek "jakin gabe zer atera nahi genuen hortik". Horregatik, beka deialdi honen berri izatean proiektua aurkeztu eta irabazi izanak "motibatzen du. Ekarpen handia da guretzat halako sari bat jasotzea".

Euskal musikagintzaren bilakaera aztergai
Joan Mari Torrealdai beka deialdira aurkezturiko proiektuaren arabera, "euskal musikagintzak azken 35 urteotan izandako bilakaera" aztertuko dute. "Ekosistema oso bat aztertzeaz ari gara, guk musikagintza eta kulturgintza ez dituglako soilik ulertzen oholtza gainean dauden musikariekin, arlo horietan lanean ari diren profesionalekin edo soilik merkatu ikuspegi batetik. Euskal musikagintzak, euskal kulturgintzak sortzaileak, eragileak, zaleak, boluntarioak behar ditu eta uste dugu EHZ-ko esperientzia ondo egindako gauzekin, egindako akatsekin eta beti ere begirada autokritiko batekin, badela esperientzia bat zeinetatik irakaspen batzuk eta ondorio nahiko mamitsu batzuk atera daitezkeen", azaldu du Servierrek.

Ateratakoa hedatzeko plangintza ere zehaztua dute. "EHZ-k Euskal Herria du helburu eta gure asmoa bada ikerketa honen ondorioak eta ikerketa honetatik aterako diren sormen lanak Euskal Herri osoan zabaltzea, guretzat oso naturalak diren espazioetan, kulturgintzaren, herri mugimenduaren espazioetan, hortik gatozelako eta hori dugulako helburu. Baina era berean, ikerketa honen muina izanen da, EHZ-n egiten ari garen gogoeta elikatzea".

Prozesu horretan ez dute soilik iraganera begiratu nahi, "gure helburua bada oraingo eta biharko korapiloak askatzea, aztertuta zerk balio izan duen orain arte, zer berrikusi nahiko genukeen...". Ildo horretatik, jakinik, "Joan Mari Torrealdiak oso ongi zekiela eta kokatu zuela bere lanetan kulturgintza ezin zela testuinguru sozialetik eta kulturaletik aparte ulertu" eta jakinik aldaketa azkarrak ematen ari direla, "aztertuko dugu zeintzuk izan ziren garai bateko galderak eta haiei emandako erantzunak eta gure ustetik galderak eta erantzun berriak aterako ditugu".