Datozen ospakizunei begirako prestaketa egunak izango ditu batek baino gehiagok honako hauek, zer esanik ez, oporraldi giro betean murgiltzear diren gaztetxoenek. Egun seinalatua izango dute abenduaren 24tik 25erako gaua; Mari Domingi eta Olentzero bidean datoz eta.
Ohi bezala, harrera ekitaldi hainbat prestatu zaizkie inguruotan. Goiztiarrenak, ohi bezala, aginagarrak izango dira. Hilaren 23an egingo dute lehen geldialdia bertan. Mari Domingi eta Olentzero Santuenean eta baita, noski, Kalezartik herri erdigunera egingo duten biran ere ikusi ahalko dira, abenduaren 24rako prestatu zaizkien harrera ekitaldietan. Segidan duzue deialdi horien guztien berri.
Adi, halere; izan ere, gurari bat baino gehiago eskatzeko gogoz izango dira hainbat. Gutunak idatzi eta aipatu bi protagonistei helarazteko bitartekoak jarriak daude dagoeneko. Ohiko postontziak jarriak daude Udarregi ikastolan, Aginagako eta Zubietako eskola txikietan, Santueneko eta Aginagako zaharren egoitzetan, liburutegian, ludotekan, Potxoenean eta Txokoargin.
Mari Domingiri eta Olentzerori harrera
Postontziak...
Gutunak helarazteko postontziak Udarregi ikastolan, Aginagako eta Zubietako eskola txikietan, Santueneko eta Aginagako zaharren egoitzetan, liburutegian, ludotekan, Potxoenean eta Txokoargin.
Abenduak 23, astelehena
18:00 Harrera Aginagako Eliza Zaharrean.
Zehaztasunak: "Menditik jaitsiko da Olentzero eta eliza zaharrean bukatuko du ibilbidetxoa. Bertan, eskutitza emateko aukerarekin batera, gaztainak banatuko dira euskal gabon kantekin girotuz".
Abenduak 24, asteartea
Santuenean:
Olentzero eta Mari Domingiren etorrera Santuenean.
Antolatzailea: Santuenea Kultur Elkartea.
Kalezarren eta herri erdigunean:
17:30 Abiatzea Kalezartik.
18:30 Usurbilgo plazara iritsiera.
Zehaztasunak: "Olentzero eta Mari Domingi etorriko dira galtzagorri, joaldun, adar-jole eta trikitilarien laguntzarekin. Haurrak agurtu, haien nahi eta eskaerak entzun, eta mendira itzuliko dira gauean etxe guztietara iritsi ahal izateko. Plazan, umeek Olentzero eta Mari Domingirekin argazkia ateratzeko aukera izango dute. Abenduaren 12tik aurrera postontziak jarriko dira herriko hainbat gunetan, gutunak jaso ahal izateko".
Antolatzaileak: herritarrak, eragileak eta Udala elkarlanean.