Urtean bitan biltzen dira, gaur zuten topaketa egun horietako bat. Musikak, kantuak elkartzen ditu belaunaldi ezberdinetako herrikideak udaberri partean eta orain, gabonen atarian. Zumarte Musika Eskolako kideak erakarri ditu ekimen honek eta haiekin Eguneko Zentroko eta Eguneko Arreta Zerbitzuko erabiltzaileak.
Zerbitzuok egun Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzunean, Egurtzegin kokatuak daude. Udaberrian estreinakoz hantxe egin zuten bilkura. Urte garai honetakoa, aldiz, Zumarte Musika Eskolan egiten dute. Pare bat orduko bisitan, eskolako instrumentuak probatu eta gunea ezagutzeko aukera izaten dute. Amaitu, ganbaran amaitzen dute goizpasa hau, Zumarteko kideek musikatzen dituzten gabonetako kanta ezagunak abesten. Halaxe egin dute gaurkoan ere.
Usurbilgo Udalak eta Zumartek sustaturiko esperientzia truke honetan gozatu ederra hartu dute. Esker ona adierazteko, Eguneko Zentroko eta Eguneko Arreta Zerbitzuko erabiltzaileek eskuz eginiko urte garai honetako apaingarriak oparitu dizkiete antolatzaileei.
Denek elkarri egun zoriontsuak eta urte berri ona opa izanda agurtu dira, hurrengo udaberrira arte.