Gabonak

Euriak Udarregi ikastolakoen bi kalejirak batu ditu

Noaua Aldizkaria 2024ko abe. 19a, 13:06

Eguraldiak guztiz baldintzatu bai baina ez ditu oztopatu Udarregi ikastolakoen eguberrietako kantu-jirak.

Aurreikusia zuten moduan, baserritar jantziekin irten dira ikastola atarira eta abiatu dute ostegun goiz honetako 9:30ak aldera, herrian barrena egin asmo zuten ibilaldia. DBH-koak Gernika ibilbidean beherantz abiatu dira Mikel Laboa plazarantz, LH-koak Atxegaldetik barrena ekin diote haien birari.

Talde guztiek bidean hainbat geldialdi egiteko asmoa zuten gabon kantuak abesteko, baina handik gutxira haizea gogortu eta gogotik hasi du euria. DBH-koak eta bidean zetozen LH-koak frontoian elkartu dira, aterpean. Goizerako zuten plangintza goitik behera aldatu behar izan dute. Euriak bi kalejirak batu ditu; LH eta DBH-koak batera aritu dira kantuan Usurbilgo pilotalekuan. Urte garai honetako ohiko kanta ezagunak abestu dituzte, frontoira joandako senide eta lagunen aurrean.

Handik, ikastolara abiatu dira oporretara joan aurreko azken hamaiketako berezia, txistor jana dastatzera. Gaurtik urtarrilaren 8ra arte ia hiru asteko oporrez gozatzeko aukera izango dute ikasleek eta irakasleek.