Aroztegiko proiektua gerarazteko atxikimendu postua abenduaren 24an

Noaua Aldizkaria 2024ko abe. 19a, 09:12

Argazkia: Eguzki Talde Ekologista.

Lekarozko (Baztan, Nafarroa) proiektua gerarazteko atxikimendu postua jarriko du herritar talde batek abenduaren 24an Sutegi ondoan.

Baztango bailaran kokaturiko Lekarozen (Nafarroa) "228 familiabakarreko etxebizitza, 4 izarreko luxuzko hotela eta golf zelaia egin nahi dute herritarren borondatearen kontra". Urteak daramate proiektua gerarazteko borrokan. Herritarren kanpaldi batek behin-behinean lanak gerarazi zituen 2021ean, nahiz baimena baduten proiektu hori garatzeko.

Kontua da, kanpaldi hartan parte harturiko zazpi lagun epaituko dituztela otsailean. "Orotara 20 urteko kartzela zigorra eta 56.000 euroko zigorra eskatzen zaie". Epaiketa horren harira, manifestazio nazionala deitu dute otsailaren 1ean Iruñean, "Lurraren defentsan, kriminalizaziorik ez. Aroztegia gelditu!", aldarripean.

Mobilizazioari nahiz epaituei babesa adierazteko atxikimendu postua jarriko du herritar talde batek abenduaren 24an, 12:30-14:00 artean Sutegi ondoan. Manifestazioari buruzko informazioa eskaini eta deialdi horrekin bat egin eta bertara joateko gonbita egingo da bertatik.

Lurraren defentsaren kriminalizazioari ez!
Aroztegia gelditu!
Baztango bailaran kokatzen den 340 biztanleko Lekarozko herriak 20 urteko ibilbidea egin du espekulazioaren mamurruaren kontra. 228 familiabakarreko etxebizitza, 4 izarreko luxuzko hotela eta golf zelaia egin nahi dute herritarren borondatearen kontra. Horretarako Nafarroako Gobernuak Baztango udalari eskumenak kendu dizkio. Honez gain nekazarien lurrak eta herri lurrak desjabetuak izan dira. Horrela herritarren erabakitze eskubidea ebatsi dute jauntxo batzuen mesedetan.

2021ean baimen guztiak eduki gabe eta inpunitate osoz makinak sartu zituzten obrak abiatzeko. Herritarrek kanpaldi bat egin zuten obra hauen kontra agertzeko Aroztegiko eremuan bertan. Makinen aitzinean beren gorputzak paratuz, sekula hasi behar ez zuten obrak segitzea eragotzi zuten.

Obrak behin-behinean gelditzea lortu bada ere, egun, baimena dute proiektua egiteko. Obrak momentu batez gelditzea garaipen bat izan bada ere, errepresioa ate joka dugu. Kanpaldi horretan parte hartu zuten 7 lagunek otsailean aste osoko epaiketa izanen dute. Orotara 20 urteko kartzela zigorra eta 56.000 euroko zigorra eskatzen zaie.

Akusazioen artean bortxa eta derrigortze delitu larriak eta talde kriminal izatea daude.

Azken akusazio hau onartzen badute EH-ko herri mugimenduarendako zinez marka txarra izanen da, aurrekari aski larria sortuko baitu eta edozein mugimenduri eragiten ahalko baitio.

Hortaz, otsailaren 1ean manifestazio nazionala eginen da Iruñean. Animatu zaitezte!

LURRAREN DEFENTSA EZ KRIMINALIZATU! AROZTEGIA GELDITU!