Bere ibilbidea amaitzear du Usurbilgo Odolaren Mintzoa taldeak. Udazken honetan bertan iragarri zuen bere agurra. Berezia izango da, ordea, amaiera. Izan ere, lagunartean eta jai giroan, jaialdi handi batean eskainiko du azken kontzertua Joanes Txueka (baxua, koruak), Beñat Txueka (gitarra), Jokin Irastortza (bateria) eta Luken Arkarazo (gitarra) laukoteak.
Urtarrilaren 25ean izango da. Larunbat horretarako, egun osoko jaialdia iragarri dute. Musikaz blaitua egongo da eguna, nola ez. Herriko sortzaileak, musika taldeak, zaletuak, lagunak... izango dituzte bidelagun, ordu luzeetako kontzertu iluntze eta gau partean.
Azken orduotan eman dute ezagutzera, oholtza norekin partekatuko duten Odolaren Mintzoa taldekoek. Albiste honi atxikitako argazkia atera dute, taldeko kideek bidelagun izango dituzten hainbatekin Mikel Laboa plazan. Segidan duzue taldeen zerrenda. Eguna, halere goiz hasiko dute; bazkalaurretik, Usurbilgo Fanfarrikant-ekoen girotzearekin. Bazkari baten bueltan bildu nahi dituzte gero, bidelagun guztiak.
Arratsaldeko 17:30etan hasita, kontzertuen maratoia izango da frontoian. Adi, sarrerak dagoeneko salgai dituzue. Bi sarrera mota jarri dituzte guztion eskuragarri; kontzertuetarako txartelak nahiz kontzertuetarako eta bazkaritarako direnak. Online eskura ditzakezue usurbilkultura.eus plataforman edota fisikoki Aitzaga zein Txirristra tabernetan.
Lau diska
Orion eta Galizan eskaini zituen Odolaren Mintzoa taldeak aurreko hilabeteetan, bere agur birako hiru kontzertuetan lehenengo biak. Azkena, aipatu moduan, sorterrian, Usurbilen eskainiko dute urtarrilaren 25eko jaialdiaren baitan. Sare sozialen bidez iragarri zuten haien agurra. "Hasi eta bukatu egiten diren gauzen multzo horretan dago maitasuna" zioen abesti zahar batek. 18 urteren ostean heldu zaigu agur esateko ordua. Baina aurretik, elkarrekin ospatuko dugu bidai zoragarri honen amaiera”.
2008an osaturiko taldeak kontzertu eta bizipen andana bildu ditu urteotako ibilbideetan, hainbat sortze lan argitaratzearekin batera:
-2022: "Hauskor".
-2017: "Etsipenaren aurka".
-2014: "Elkar Estudioa Sesioak".
-2013: "Odolaren Mintzoa".
Sorreratik agurrera, jatorrizko laukotea mantendu du Odolaren Mintzoak: Taldea sortu zen herri berean desegingo da datorren urte hasieran; Usurbilen bertan eskainiko duten jaialdiarekin.
Odolaren Mintzoa: "Azkenak" agur jaialdia
Eguna: urtarrilak 25, larunbata.
Egitaraua:
Bazkalaurretik, Elektropapo herria girotzen.
13:30 Bazkaria Agerialdeko jantokian.
Ondoren, Anuk eta Elene.
17:30 Kontzertuak frontoian:
Viafara, Hysteria, Zaparra, Mihise, Txiskeroak, Ameba, Rukula, Odolaren Mintzoa, Dj Jotatxo.
Sarrerak eskuragarri: Aitzagan eta Txirristra tabernan nahiz usurbilkultura.eus plataforman.
Prezioak:
-Kontzertuetarako sarrera: 10 euro.
-Kontzertuetarako eta bazkarirako sarrera: 25 euro.