Gogoan izan, puntuazio bidez hautatzen dira alokairu sozialeko etxebizitzetako errentariak. Hainbat faktore hartzen dira aintzat, baina etorkizunean, beste bi aldagai gehiago ere kontuan hartuko dituzte. Izan ere, errentariak onartu eta hautatzea arautzen duen udal ordenantzak orain arte ez zuen logela kopurua eta bizikidetza-unitatea kontuan hartzen, bizilekuok esleitzerakoan. Hartara, gerta zitekeen errentarientzat, bizilekua handiegia edo txikiegia izatea, logelak soberan izatea edo logela faltan izatea, bizikide kopuruaren arabera. Aurrerantzean, logela kopurua eta bizikidetza-unitatea zenbatekoa den kontuan hartuko da, pisuok esleitzerakoan.
Honenbestez, logela bakarreko pisuak, pertsona bat edo biko bizikidetza-unitateentzat izango dira, bi logelakoak 1-3 arteko bizikidetza-unitateentzat eta hiru logelakoak 3-6 arteko bizikideentzat.
Berrikuntza hau txertatzeko erabakia, udal ordenantza horrek zuen akats bat zuzentzeko ere baliatuko dute. Hain zuzen, Txaramunto kalea 2ko alokairu sozialeko pisuetako batek bi logela dituela zehaztua du ordenantzak, logela bakarrekoa da, ordea. Akats honen zuzenketa izango da araudi horretan txertatuko duten bigarren aldaketa.
Hirugarrena, etxebizitzari lotutako bestelako "arautegi sektorialetara" egokitzeko baliatuko dute baita ordenantza hau. "Izan ere, maizterrek ordaindu beharreko errentaren kalkuluan eragin zuzena duen parametro jakin bat aldatu baita, diru-sarrerei aplikatu beharreko ehunekoa, hain zuzen ere". Horregatik, "bizikidetza-unitate errentariaren urteko diru-sarreren arabera aplikatuko diren ehunekoak eguneratu dira dokumentu berrian".
Azkenik, bizilekuon esleitzeko aplikatzen den baremazioan antzinatasuna ere aintzakotzat hartuko dute aurrerantzean. Hau da, norberak itxarote-zerrendan daraman denbora ere puntuagarria izango da, errentaria hautatzerakoan.
Gehiengo osoz onartu ziren aldaketok EHBilduren eta PSE-ren udal ordezkarien babesarekin. EAJ udal taldeko ordezkariak abstenitu egin ziren. Bozeramaile Xabier Otxoak lau aldaketa horietatik hirurekin erabateko adostasuna agertu zuen, zalantza agertu zuen ordea laugarrenarekiko; antzinatasuna kontuan hartzearekiko alegia.
Udal gobernu taldetik adierazi zutenez, antzinatasuna kontuan hartuko da, puntuazio altuena dutenen kasuan, behar handiena duten herritarren artean.
Udalbatzak gehiengo osoz eta hasieraz aldaturiko ordenantza hau hilabetez jendaurrean izango da, erabaki hori Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ostean. Tarte horretan inork alegaziorik aurkezten ez badu, behin betiko onartutzat joko da.
Tramitazioa errazteko
Gaur egun, guztira, 19 bizileku ditu Udalak jabetzan herri erdiguneko bi eraikinetan; batetik, hamabi bizileku ditu "Maixu-Etxe" izenez ezaguna zaigun Agerialde pareko eraikinean, Gernika ibilbidea 13an. Beste zazpi etxe ditu, Txaramunto kalea 2 zenbakian.
Bizilekuok lehen zozketa bidez esleitzen ziren. Egun indarrean den udal ordenantza, 2020tik indarrean dagoena da eta puntuazio bidezko baremazioz hautatzen ditu errentariak. Honenbestez, alokairu sozialeko udal jabetzako pisuotako bat eskuratzeko, lehenbizi, udal etxebizitza eskatzaileen udal erregistroan izena eman beharra dago eta horretarako, "hainbat dokumentu eta agiriaurkeztu behar dituzte eskaera orriarekin batera". Tramitazio hau errazteko araudi hori ere hasieraz aldatzea onartu zuen udalbatzak aho batez, abenduaren 19ko osoko bilkuran.
Berrikuntza horrekin, interesdunak dokumentazioa udaletxean aurkezten ibili beharrik gabe, nahi duenari Udalak bere datuak erabiltzeko aukera baimentzea ahalbideratu ahalko du. "Interesdunei ahalik eta agiri gutxien eskatze aldera, Udalak NISAEren Nodoaren bidez, interesdunek administrazioaren esku jarri dituzten datuei buruzko beharrezkoak diren egiaztapenak eta kontsultak egitea ahalbidetu nahi da. Beti ere, interesduna datu horiek erabiltzearen aurka agertzen ez bada berariaz".
Udalbatzak aho batez eta hasieraz onarturiko erabaki hau, aipatu ordenantza aldatu hau jendaurrean jarriko du Udalak hilabetez, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ostean. Tarte horretan alegaziorik aurkeztuko ez balitz, araudi hau ere behin betiko onartutzat joko du Udalak.