Udalbatzaren osoko bilkura

Milioi bat euro pasatxoko udal dirulaguntzak 2025ean

Noaua Aldizkaria 2024ko abe. 21a, 12:33

2023-25 urte arteko Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren 2025eko eranskinak aho batez onartu zituen udalbatzak abenduaren 19ko osoko bilkuran. Guztira, milioi bat euro pasatxo bideratuko du Udalak dirulaguntzetara datorren urtean.

1.035.660 euro banatuko ditu dirulaguntzetan Udalak estreinatzear dugun 2025. urtean. Hala onartu zuen udalbatzak aho batez, abenduaren 19ko osoko bilkuran. 2023-25 urte arterako onartua duen Dirulaguntza Plan Estrategikoaren baitan, 2025eko eranskinen alde bozkatu zuten udal ordezkari guztiek.

Mota ezberdinetako diru-laguntzak daude eranskin horretan, deialdi irekikoak edota norgehiagoka bidez banatzen dituenak, hitzarmen bidez adosturikoak... "Oso izaera ezberdineko jarduerak sustatzeko udal dirulaguntzak" direla nabarmendu zuen alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak abenduaren 19ko osoko bilkuran, xede nagusi bat dutena; "herrigintzaren jarduna laguntzea".

Hemen, alorrez alor, sailka, Usurbilgo Udalak diruz lagunduko dituen 2025eko egitasmoen berri:

2025eko udal dirulaguntzak
Euskara
Banatuko duten dirulaguntza kopurua: 133.100 euro.
Lagunduko dituzten jarduerak, eragileak, egitasmoak...:  euskara ikasteko dirulaguntzak, NOAUA! K.E., Etumeta AEK euskaltegia, ikastolen aldeko jaialdiak, Hizkuntz Eskubideen Behatokia, Euskal Herrian Euskaraz, Jakin fundazioa, Elhuyar Fundazioa, lan munduko dirulaguntzak.

Garapen ekonomikoa eta enplegua
Banatuko duten dirulaguntza kopurua: 59.500 euro.
Lagunduko dituzten jarduerak, eragileak, egitasmoak...:  herri merkataritza eta ostalaritza sustatzeko dirulaguntzak, lokal hutsetan jarduera ekonomiko berriak abiarazteko dirulaguntzak (hasierako gastuei nahiz alokairu edo erosketa gastuei aurre egiteko), Kabiene elkarlan gunean ekintzaileen egiasmoak garatzeko Hasiz Hazi dirulaguntzak.

Gazteria
Banatuko duten dirulaguntza kopurua: 4.500 euro.
Lagunduko dituzten jarduerak, eragileak, egitasmoak...: aisialdiko begirale eta zuzendari izateko ikastaroetarako dirulaguntzak.

Gizarte zerbitzuak
Banatuko duten dirulaguntza kopurua: 123.260 euro.
Lagunduko dituzten jarduerak, eragileak, egitasmoak...: aurreikusi gabeko gizarte zerbitzuetako premiazko egoeretarako, gizarte larrialdietarako, baliabide nahikorik izan ez eta bestelako dirulaguntzak eskuratu ezin dituztenentzako, gizarte ekintzan diharduten Usurbilgo nahiz Usurbildik kanpoko elkarteentzako, desgaitasuna edota mendekotasuna duten adin txikikoen tratamendu gastuetarako, deserrotze edo baztertze sozialeko arriskuan diren pertsonen senideentzako, herriko jubilatu elkarteen dinamiketarako, Oporrak Bakean programarako edota gune komunitario zein begi-bistakoetan adimen-desgaitasuna duten kolektiboko pertsona bat Udalean aritzeko dirulaguntzak.

Aniztasuna
Banatuko duten dirulaguntza kopurua: 53.000 euro.
Lagunduko dituzten jarduerak, eragileak, egitasmoak...:  ekintza humanitarioetarako edota garapen bidean diren nazioetako herritarren egoera sozioekonomikoa hobetzeko proiektuetarako dirulaguntzak.

Hezkuntza
Banatuko duten dirulaguntza kopurua:  69.600 euro.
Lagunduko dituzten jarduerak, eragileak, egitasmoak...: musika irakaskuntza eta musika-kultura suspertzeko nahiz 12-18 urte arteko Gipuzkoako gazteen ikerketa proiektu eta proiektu teknologikoak ikusgai jartzen dituen Zientzia Azokarako dirulaguntza.

Hirigintza
Banatuko duten dirulaguntza kopurua:  130.000 euro.
Lagunduko dituzten jarduerak, eragileak, egitasmoak...:  Usurbilgo etxebizitzen alokairuak, igogailuen instalakuntzetarako dirulaguntzak edota Eusko Trenbide Sarearekin sinatutako hitzarmena betetzeko diru ekarpena (Txokoaldeko zubiaren birgaitzea eta sendotzea).

Idazkaritza
Banatuko duten dirulaguntza kopurua:  4.000 euro.
Lagunduko dituzten jarduerak, eragileak, egitasmoak...: Naziometrorako (Euskal Burujabetzaren Barometroa ikerketa) diru ekarpena.

Ingurumena
Banatuko duten dirulaguntza kopurua: 23.000 euro.
Lagunduko dituzten jarduerak, eragileak, egitasmoak...:  ingurumen egitasmoetarako dirulaguntza irekiak, aire eta lurraren kalitatearen jarraipena egiteko (Zubietako errausgailuaren eraginari lotutakoa) nahiz mugikortasun jasangarria sustatzeko auto partekaturako diru ekarpena.

Kirola
Banatuko duten dirulaguntza kopurua: 139.000 euro.
Lagunduko dituzten jarduerak, eragileak, egitasmoak...:  eskola kirola, kirol taldeak, kirol egokitua, kirol elkarteak ez diren eragileak, laguntza bereziak, kirol teknikoen prestakuntza, herriko kirol taldeen kirol mediku azterketak, eskolaz kanpoko kirol jardueretan parte hartzea sustatzeko dirulaguntzak.

Kultura
Banatuko duten dirulaguntza kopurua:  231.700 euro.
Lagunduko dituzten jarduerak, eragileak, egitasmoak...:  auzoetako jai batzordeen ekintzak, Geuretik Sortuak, Usurbilgo jaietako ekintzak, herriko elkarteen kultur ekimenak, Jakin Jardunaldia, Eusko Ikaskuntza, kultur sormeneko egitasmoak. Horrez gain, hitzarmen bana sinatuko dute buruhandi eta erraldoien konpartsarekin, Orbeldi dantza taldearekin eta Salbatore parrokiarekin bertako ondarea 650 Usurbil Bizi herri egitasmoaren bidez ezagutzera emateko.

Nekazaritza eta abeltzaintza
Banatuko duten dirulaguntza kopurua:   65.000 euro.
Lagunduko dituzten jarduerak, eragileak, egitasmoak...:  sektoreko jardueretarako dirulaguntza irekiak, arloko azokak eta ekintzak sustatzeko dirulaguntzak. Horrez gain, "Usurbil. Sagarraren bihotza, sagardoaren kultura", sektore horretako eragileak batzen dituen mahaiko eragile guztien hitzarmena sustatuko dute.