Azaroaren 28ko osoko bilkuran udalbatzak hasieraz eta gehiengo osoz onarturiko 2025eko udal aurrekontuak jendaurrean dira abenduaren 12az geroztik udal kontuhartzailetzan. Ordutik, 15 lanegunez erreklamazioak jartzeko aukera egongo da, urtarrilaren 8ra arte hain zuzen, Udalak abenduaren 11ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez jakinarazi zuenez. Ohi bezala, tarte horretan inolako erreklamaziorik edo ohartarazpenik ez bada, behin betiko onartutzat joko dira.
Udal aurrekontuoi buruzko argibideak eskaintzen dituen albiste honi atxikitako bideoa kaleratu du Usurbilgo Udalak. Bertan, datorren urteko proiektu nabarmenei buruz mintzo da Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesa.
Aurrekontu handienak
Udalbatzak 15.135.194 euroko udal aurrekontuak onartu zituen hasieraz eta gehiengo osoz azaroaren 28ko osoko bilkuran, inoizko handienak. Ezarriak dituzten misioetarako, legealdi planera edota herri zein auzo bizigarriak sustatzera bideratuko dituzte diru partidak.
Usurbilek hasieraz onartu ditu 2025erako udal aurrekontu historikoak. Izan ere, inoizko handienak dira, iaz baino 2.120.000 euro gehiagokoak, diru-sarrerak ere hein berean hazi direlako. "Diru-sarreren igoera, nagusiki, hiru arrazoirengatik izan da. Batetik, Michelin ondoko Zapategi eremuaren garapen industrialaren bidez, 861.189 euro jasoko ditu udalak, datorren urtean. Bestetik, aldundiaren Udalak Finantzatzeko Foru Funtsetik 5.703.651 euro jasoko dira, 2024an baino 465.000 euro gehiago. Azkenik, Eusko Jaurlaritzaren Gauzatu Energia programako maileguaren bidez, 300.000 euro jasoko dira: kaxkoko argiteria guztia LED-era pasatzeko baliatuko da". Ondorioz, "azken urteotan faseka aritu gara, eta datorren urtean jauzi kualitatibo bat eman nahi dugu eraginkortasun energetikoaren alorrean”, nabarmendu du udal-gobernuak. Neurri horrek "inbertsioaren ingurumen inpaktuaz gain, inpaktu ekonomikoa ere izango du argiteria publikoaren gastuan", Udaletik aditzera eman dutenez.
Gizartearen egungo erronkei erantzutea dute xede udal aurrekontuok, "ezarritako misioetara gerturatu, Legealdiko Planari bultzada eman eta herri-auzo bizigarriak" sustatzeko. Hasieraz eta gehiengo osoz onartu zituen udalbatzak azaroaren 28ko osoko bilkuran. EHBilduk alde bozkatu zuen, abstentziora jo zuen PSE-EEk eta EAJk aurka bozkatu zuen.
EAJk "udal haur eskola Partzuergora sartuta aurreztuko litzatekeen diru kopuru bat kalkulatu eta horrekin Zubietako bidegorriaren proiektua sustatzea" eskatzen zuen emendakinaren bidez. Udal-gobernuaren ustez, haur eskolarena ez da aurrekontuen eztabaidan sartzeko gaia:ez zuen emendakina onartu, eta EAJk aurrekontuen aurka bozkatu zuen.
PSEk bi emendakin aurkeztu zituen, bat asfaltatze kanpaina indartzekoa, onartua duena udal gobernu taldeak. Baina abstentziora jo zuen, "udalak eskatu berri duen maileguak zalantzak sortzen dizkiolako eta udal-zergak eta tasak izoztearen aldekoa delako".
Prezioen garestitzea
Udaletik gogorarazi dutenez, KPIaren %2,6ko igoera orokorra onartua dute ordenantza fiskaletan, "prezioen garestitzeak udalari ere zuzenean eragiten diolako. Zenbait tasatan, dena den, igoera handiagoa izango da. Hondakinen kasuan, praktika okerrak zigortzea erabaki da, eta horrek %15eko igoera izango du diru-bilketan: guztira, 680.000 euro jasotzea aurreikusten da. Uraren kasuan, iaz hasi zen udala arazketagatik kobratzen, eta aurten %20ko igoera izango du: guztira, 521.000 euro jasotzea aurreikusten da. Etxebizitza hutsei %150eko errekargua ezarriko zaie OHZ Ondasun Higiezinen gaineko Zergan, alokairura ateratzea bultzatzeko neurri gisa: iaz 25.000 euro jasotzea aurreikusi zen, eta 2025ean, errekargua handituta, 82.000 euro". Zergen igoera orokorraren aurrean, hobarien sistemak indarrean segiko du. "Duela bizpahiru urte, hobariak eskuratzeko irizpideak zabaldu zituzten, eta gaur egun 200 familia inguru dira hobaridunak".
Misioetara
Udal aurrekontuok Udalak ezarritako misioetara gerturatzeko baliatu nahi dituzte. Zaintzarako 390.200 euro bideratuko dituzte, hiru egitasmo abiarazteko. "Batetik, auzo-zaintza proiektu pilotu bat jarriko da martxan, Zabalduz kooperatibarekin, egoera hauskorrean dauden herrikideen integrazio komunitarioa sustatzeko. Bestetik, Matiarekin elkarlanean, bizi osorako etxebizitzak eskainiko dira. Halako sei unitate eraikitzen ari dira Egurtzegin, eta udalak seitik lau eskainiko ditu". Horrez gain, 180.000 euro bideratu asmo dituzte etxez etxeko zerbitzua eraldatzera.
Trantsizio ekosozialera 438.000 euro bideratuko dituzte, tartean, 300.000 euro herriaren %95ean LED argiteria ezartzera. Horrez gain, "energia aurrezteko bestelako inbertsioetarako 30.000 euro gordeko dira; Usurbil 0.0. programarako 30.000 euro bideratuko dira; fosa septikoak eraikitzeko 10.000 euroko dirulaguntza berria, auto konpartitu berrirako 10.000 euro; 2030 ingurumen agendarako 25.000 euro; herriguneko mugikortasuna berrantolatzeko proiektua idazteko 18.000 euro gorde dira. Azkenik, trantsizio ekosozialaren misioa finkatzeko parte-hartze prozesuan proposatutako neurriak garatzeko 15.000 euro gorde dira, zehazki, bertako ekoizpena sustatzeko neurrietarako".
"Udala gertu" izeneko erronkara 625.000 euro bideratuko dituzte. Horietatik 226.000 euro udalaren digitalizaziorako gorde dituzte. "Udaletxeko teilatua konpondu eta espazioa berrantolatzeko 180.000 euro bideratu dira 2024an, eta 2025ean beste urrats bat egingo da: Barrenkaleko lokala egokituko da, Gizarte Zerbitzuen eta Udaltzaingoaren egoitza izan dadin. Horrek udaletxean espazioa irabaztea eta arreta hobetzea ahalbidetuko du: 384.000 euro bideratuko dira". Azkenik, 184.000 euro bideratuko dira 650 Usurbil Bizi herri egitasmora. "2025ean Errioaren Usurbil lerroa landu nahi da, Aginagan ontziraleku bat eraikita, erriorako sarbide publikoa ahalbidetuko duena, lursail bat erosita".
Auzo eta herrietara
Legealdi Planeko hainbat egitasmoetara ere bideratuko dira partida gehiago; 2,5 milioi euro Elkargunea eraikitzera mailegu baten bidez edota 200.000 euro haur eskola berritzera. 850.000 euro bideratuko dira Kale Nagusia eta Etxealdia lotuko dituen igogailurako. Udal dirulaguntzak aipatuta, 1.184.285 euro erabiliko dira denetariko herri egitasmoak babesteko.
Azkenik, herri eta auzo bizigarriak sustatzeko hainbat partida bideratuko dituzte; besteak beste, Aranerrekako zubi berria egin eta Haranerako bidea konpontzera, Santueneko Auzo Plana garatu eta urbanizazio proiektua idaztera, Aginagako Eliza Zaharra Elkargunearen garapenera, Txokoaldeko zubia berritzera, Atxegaldeko asfaltatze lanetara...