Juanito Illarramendiren irudi zahar batzuk baliatuz, ‘Usurbil 58’ izeneko dokumentala aurkeztu genuen azaroaren 24an, Sutegin. Estreinaldi arrakastatsuaren ondoren, DVD-USB euskarrietan jarri genuen salgai eta lehen edizioa agortzear da. Alerik gabe geratzeko arriskuaren aurrean, bigarren edizioa jarri dugu martxan.
Oraindik eskuratu ez baduzu, jakizu dokumentala Laurok eta Lizardi liburudendetan eskuratu dezakezula, 10 eurotan. NOAUA!ko bazkideek 8 eurotan lor dezakete, baina kasu horretan NOAUA!ko bulegora hurbildu beharko dute. Orain urtebete, ‘Usurbil 58’ izeneko artxibo bat topatu genuen Euskadiko Filmategian. Super8 kamera batekin grabatuta zeuden irudiak, baina audioa zuten faltan. Juan Illarramendik hartutako irudiak zirela, datu hori ere bazetorren artxiboan. Eta ezer gutxi gehiago. Horregatik, irudietako soinu falta ordezkatzeko, adin bat duten herritarrengana jo genuen, informazio eske.
Garai hartako Usurbil eta garai hartako usurbildarrak ezagutu zituztenak: Asintxio Pagola, Jabier Pikabea, Lurdes Urkia, Manuel Goenaga, Arantxa Alkorta, Kinttin Segurola, Arantzazu Aranburu eta Koro Iribar. Eurek eskaini dizkiguten azalpenekin osatu dugu dokumental honen soinu banda. Zumarte Musika Eskolako Iñaki Mujika eta Roman Manterola ere elkarrizketatu genituen propio dokumentalerako, beraien eskutik iritsi zirelako irudiak Filmategira. Hori dena, grabazio egunetan deskubritu genuen eta halaxe jasoa dator Luis Jambrinak zuzendu duen ikusentzunezkoan. Ixabel Agirresarobek gidatu zituen dokumentalean jasota dauden solasaldiak eta aurkezle-lanak ere berak egin zituen. Aipagarria da, bestalde, Usurbilgo Udalaren ekarpena. Sormen lanetarako gordeta duen dirulaguntzari esker, kalitatezko ikusentzunezko bat ekoizteko aukera izan dugulako.
DVD eta USB euskarrietan eskuragarri
Arestian aipatu bezala, ‘Usurbil 58’ dokumentala salgai ipini dugu eta dagoeneko ale ugari saldu dira. Bi artxiboz osatua dago DVD-USB euskarrietan plazaratu dugun lana. Batean, dokumentalaren muina diren irudiak ageri dira. Juan Illarramendik Super8 kamera batekin duela 66 urte grabatu zituenak. Artxibo honek 20 minutuko iraupena du. Beste artxiboan, Illarramendiren irudiak baliatuz osatu dugun dokumentala ikusiko duzue. 50 minutuko iraupena du pieza honek eta irudiak bezain jakingarriak dira solaskide guztiek eskaini zizkiguten azalpenak.
Salmenta puntuak
Lizardi eta Laurok dendetan, eta NOAUA! Kultur Elkartearen egoitzan eskuratu ahalko da 10 euroren truke. NOAUA!ko bazkideek 8 eurotan eskuratu ahalko dute, baina kasu horretan NOAUA!ko egoitzara etorri beharko dute erostera.