"Gero bat gaurdanik"

"Etenik ez egoteko, gaurtik hasi behar dugu Elkargunea eraikitzen"

Noaua Aldizkaria 2024ko abe. 22a, 13:06

"Gero bat gaurdanik: Elkargunea eraikitzen" topaketak antolatu dituzte Elkarguneko eragileek abenduaren 20tik 26ra. Eragileotako ordezkariak elkarrizketatu ditu NOAUA!-k.

Zergatik eta zertarako antolatu dituzue Elkarguneko eragileok ostiralean bertan abiatuko diren topaketok?
Aurreko ikasturtean, prozesu luze baten ondoren, Elkargunearen proiektua definitu genuen eta orain beste pauso batzuk eman behar dira, bide publikoa hartu behar du. Denbora beharko du anbulatorio ondoko zelaian kokatuko den proiektua gauzatzeak eta tarte horretan zehar, garrantzitsua ikusten genuen ulertzea sustatu nahi dugun elkarlan hori gaurtik abiatu daitekeela. Egingo den eraikina tresna bezala ulertzen dugu, ez helburu bezala eta, beraz, gero hori gaurdanik marrazten hasi nahi genuen.  

Bide hori elkarrekin jorratzen hasiak zaudete aspaldidanik. Iaz ekin zenioten lankidetza honi?
Duela bi ikasturte hasi ginen lau eragileok genituen behar horiek asetzeko tresna berri bat formulatzen, Elkargunea izango zen hori alegia. Hasierako txosten bat osatu zen. Bertan, eragile guztien beharrak definitu ziren eta udal talde desberdinei aurkeztu zitzaien. Elhuyarrekin elkarlanean aritu gara azken urtean etorkizuneko egitasmo horri forma ematen, eginiko parte hartze prozesuaren bidez.

Topaketok horren guztiaren erakusleiho izan nahi dute ezta?
Helburua da, Elkargunearen eraikina egin bitarte, ez egotea eragile bakoitza bere aldetik. Ez gaude eraikinaren zain, bestela ere elkartu nahi dugu eta ekintza ezberdinak egin denok batera. Topaketok nolabait dira partekatzen ditugun helburu horien emaitzetako bat. Alde batetik, eragile ezberdinek izen propioz beren ekintzak txertatuko dituzten ekintzak daude, hasieratik eragile desberdinen artean garatu diren ekintza partekatuak, Elkargunetik kanpoko eragile batzuekin elkarlanean bideratuko direnak… Maila ezberdinetako elkarlana sustatu da; Elkargune barneko eragileen artekoa, eragile bakoitzak sustaturikoa, kanpo eragileen artekoa... Eskerrik asko parte hartu duten eragileei, denak bertakoak dira. Aldi berean, topaketon hartzaileak eragile guztietako parte hartzaile guztiak izango dira eta horrez gain, Usurbilgo herria, etorkizuneko Elkarlaguneak izan nahi duen moduan. Sortu nahi dugun subjektua ez da eragileen arteko koordinazio gunea baizik eta izaera propioa izango duena. Zabaltzen goaz, norbanako ezberdinak proiektuaren parte izateko gonbidatuko ditugu hurrengo hilabeteotan.  

Nortzuei zuzendurikoak dira topaketa hauek?
Ekintza batzuk irekiak eta parte hartzaileak izango diren arren, helburu nagusia, bereziki, gure arteko elkarlana indartzea izango da. Hain zuzen, aurreko ikasturteko parte hartze prozesuaz geroztik, ez da egon eragile guztiok prozesu bat ematen jarraitzen dugunaren irudi hori. Honek ere badu bigarren funtzio hori; orain arte egindako lan guztia azaleratzea herriari eta batez ere aurrera jarraituko duela hautematea. Eraikina prest izan arte, lanean jarraituko dugula ikustea. Etenik ez egoteko, gaurtik hasi behar dugu Elkargunea eraikitzen. 

Zer dakarte topaketa hauek?
Abenduaren 20an hasiko dira topaketak, urtero egiten dugun Ziortzaren San Tomas jaialdiarekin. Elkarlan honetan sartu nahi izan dugu ekimena. Dinamika batzuk egin eta gero, denok batera musikaz eta txistorra pintxoekin gozatuko dugu. Abenduaren 23an, Usurbil 1936 memoria elkarteak egindako lan izugarria gazteriarengana helarazi asmo dugu, bisita gidatu batekin. Arratsaldean, Aztarritruk izango dugu. Iaz, hasi zen antolatzen gazte asanblada gabonetako kontsumo eredua zalantzan jartzeko. Iazko gazte topaketak logika horretan etorri ziren. Aurten, arropa eta liburuak bildu nahi ditugu bereziki. Azoka egunean, iaz bezala, utzi ahalko da hartu gabe, hartu ahalko da utzi gabe, bigarren bizitza ematea da helburua. 

Segidan, hasiera ofiziala emango diegu topaketei Sutegiko erakustaretoan. Erakusketa irekiko dugu. Bertan, eragile bakoitzak postutxoa izango du. Eragile horren historia, zer egiten dugun, erronkak, helburuak... azalduko dira, ahalik eta modurik didaktikoenean. Lau postu izango dira, eragile bakoitzarentzat bat. Bosgarren postua, Elkargunearena izango da. Irekiera ekitaldi horretan, gure indar, ilusio eta gogo hori azaldu nahi dugu, ziur aski, hurrengo urteetan Usurbilen egongo den proiektu anbiziotsuenetariko baten islada izango delako. Jendea bertara gonbidatu nahi dugu. 

Abenduaren 24an, Usurbilgo talogileek taloak nola egingo diren erakustaldia egingo dute, talde dinamika aurkeztu eta talogileen taldean sartzeko gonbita egingo dute. Ziortzaren eta Aztarrikaren arteko elkarlan gisa irudikatzen da, gazteei zuzendua egongo da. Baserritarrez jantzita etorri goizean goizetik, musika egongo da, jolasak, taloak egin eta jateko aukera. Eguna hasteko aukera polita. Arratsaldean, iaz bezala, Aztarrikant antolatu dugu, kantu-jira gazte eta ez hain gazteentzako. Aurten bereziki bilakatu nahi izan dugu Palestinako genozidioa gogorarazteko une gisa. Kalez kale ibiliko gara kantuan, trikitilariekin, kitarrarekin eta liburuxkarekin. Horra ere baserritarrez jantzita etorri. 

Amaitzeko, abenduaren 26an, erakusketa azken egunez irekiko dugu. Arratsaldean, bi ekintza izango ditugu; batetik, sormen tailerrak Kulturgunearen eskutik Ziortzako eta Gaztelekuko gazteentzat. Gero, solasaldi musikatua izango da Anuk eta Elenerekin. Amaitzeko merendola bat izango dugu denok batera. Arratsaldea hasteko, ordea, Usurbilgo lehen Etxebizitza Asanblada Herritarra egingo dugu Txirikordan. Diagnosi orokor bat bada gazteen artean eta maila instituzionalean, etxebizitza larrialdi egoera batean bizi garela. Gaia herrira ekartzeko une egokia ikusten genuen gabonetan. Helburua, herri gisa, etorkizuneko Usurbilek zer nolako etxebizitza panorama izatea nahi genukeen eztabaidatzea da. Parte hartze espazioak izango dira, errealitatea partekatzea helburu izango dutenak. Ondorioz, etxebizitza problematika bustitzen duen orori zuzendua egongo da. Herri mailako deialdia izatea nahi genuke.