Baserritarrez jantzi eta plazaratzeko deia egin dute gaurko Elkarguneko eragileek. "Gero bat gaurdanik" topaketen baitan, bi hitzordu deitu dituzte; goiz partean, talogintza ikastaroa herriko talogileekin. "Usurbilgo talogileek taloak nola egingo diren erakustaldia egingo dute, talde dinamika aurkeztu eta talogileen taldean sartzeko gonbita egingo dute. Ziortzaren eta Aztarrikaren arteko elkarlan gisa irudikatzen da, gazteei zuzendua egongo da".
Arratsaldean, Palestinako genozidioa gogoan hartuko duen Aztarrikant kantu-jirara batzeko gonbita egin dute. "Iaz bezala, Aztarrikant antolatu dugu, kantu-jira gazte eta ez hain gazteentzako. Aurten bereziki bilakatu nahi izan dugu Palestinako genozidioa gogorarazteko une gisa. Kalez kale ibiliko gara kantuan, trikitilariekin, kitarrarekin eta liburuxkarekin. Horra ere baserritarrez jantzita etorri".
Bide batez, gogoan izan, atzo zabaldutako Elkarguneko erakusketa ere zabalik izango duzuela Sutegin.
Lankidetza oparoa
Nerabeen, gazteen eta kulturgileentzako, nork bere egitasmoak bideratzeko, lankidetzarako nahiz biltzeko espazio berri baten beharrak batu zituen eragile guztiok iaz, eta ordutik, emankorra izan den lankidetza bidea jorratu dute. Urte hasieran, Udalarekin adostu zuten Elkargunea anbulatorio ondoko zelaian eraikitzea. Gero, otsailetik udaberri amaierara arte, egitasmo hau diseinatzeko Elhuyarrek dinamizaturiko parte hartze prozesuan murgildu ziren.
"Gero bat gaurdanik: Elkargunea eraikitzen"
Abenduak 24, asteartea
Goizetik, baserritar jantziekin.
11:00 Talogintza ikastaroa Usurbilgo talogileekin frontoian.
11:30-14:00 Elkarguneko eragileen erakusketa Sutegiko erakustaretoan.
17:00 Aztarrikant: Palestinaren aldeko kantujira frontoitik.
Abenduak 26, osteguna
11:30-14:00 Elkarguneko eragileen erakusketa Sutegiko erakustaretoan.
17:00 Txirikorda: Usurbilgo lehen Etxebizitza Asanblada Herritarra (Txirikorda eta Aztarrika).
17:30 Sormen tailerra (Kulturgunea, Gaztelekua, Ziortza): antzerkia (Jontxu Martinez) eta eskulangintza (EITI), Anuk eta Elene solasaldi musikatua.
Amaieran, merendola.
Antolatzaileak: Kulturgunea, Ziortza, Aztarrika, Gaztelekua.