Gabon giroko ekitaldiez gain, topaketa egunak ditugu honako hauek Usurbilen. Izan ere, Kulturguneak, Ziortzak, Gaztelekuak eta Aztarrika gazte asanbladak osaturiko Elkarguneak egitasmo hau eraikitzen segitzeko eta eragileon arteko lankidetzari jarraipena emateko topaketa egunak antolatu ditu.
Gaurko lehen hitzorduko irudiak dituzue segidan. Eguerdian, oroimenaren ibilbidea osatu dute, Usurbil 1935 Memoria Historikoaren Elkarteak gidaturiko bisitan. Urrian aurkeztu zuten jendaurrean, aipatu elkarteak, 650 Usurbil Bizi herri egitasmoak eta Usurbilgo Udalak sortutako ibilbide berri hau. 1936ko gerrak Usurbilen utzitako aztarnaren berri ematen du. Noiznahi egin dezakezue, seinaleztatuak baitaude herri erdigunean garai hartan esanguratsuak izan ziren hainbat puntu, totemen bidez. Horietan QR kodeen bidez jaso ditzakezue xehetasunak.
Tarteka, halere, 650 Usurbil Bizi herri egitasmoaren baitan, gai horri lotutako bisita gidatuak antolatzen dira. Gaurkoa ere, estilo horretako hitzordua izan da. Usurbil 1936 elkarteko kideen eskutik, bisita gidatuan parte hartu ahal izan dute Elkarguneko topaketetako kideek.
Noiznahi egiteko aukera
1936ko gerra garaira eta garaiko testuingurura itzultzeko aukera izan dute. Ibilbidea, gida lanak egindako Usurbil 1936 elkarteko kideek nabarmendu zuten moduan, hurrenkera zehatz batean jarraitu beharreko zortzi geltokiz osatua dago. Kontzeju Txiki parean hasten da, Dema plazan segitzen du. Saroe jauregia, Olanoeneko plaza, Askatasuna plaza eta bertako bolatoki gaina, Sutegi ataria edota udaletxe parea, horiek osatzen dute "Gerraren Oroimena" izeneko ibilaldia. Hurrenkera horretan mugitzea aholkatzen dute, garaiko kontakizunaren berri modu koherentean jaso ahal izateko.
Bisita gidatu hau aurrerantzean tarteka antolatuko dute, 650 Usurbil Bizi herri egitasmoak dinamizatuko du. Baina ibilbidea noiznahi osa dezakezue. Izan ere, aipaturiko zortzi geltokietan kokatuak dauden zutabeetan dituzue xehetasunak baita QR kode bat, informazio gehiago jasotzeko.
Garaiko testuingurura bidaia
Beste hainbeste esan daiteke, 1936ko gerrak Andatzan utzitako aztarnei buruz ere. Iragan udaberrian egin zuten ibilaldi gidatu antzeztua. Noiznahi igo zaitezkete bertara xehetasunon berri jasotzera; batetik, auzolanean azken urteotan berreskuratu dituzten lubakiak bisitatzeko aukera izango duzue. Bestalde, zonaldeak 1936ko gerran izan zuen garrantziari buruzko informazioa jaso ahalko duzue, bertan kokatuak dituzten panelen eta QR kodeen bidez.
Mendi inguruetan soilik ez, herrian bertan 1936ko gerrak nabarmentzeko moduko aztarnak utzi zituela argi uzten du herri erdigunean osa daitekeen ibilaldiak. Kolpistak herrira sartu aurretik eta horren ostean gertaturikoak, berebiziko garrantzia izan zuten eraikinak, pertsonak biziberritzen ditu, orduko testuinguru sozial eta politikora bidaiatzea ahalbidetzen digun ibilbideak.
Kolpistek Saroe etxea hartzen duten unea, errepresioari bide ematen hasten diren unea, udaletxea hartzen dutenean gertaturikoa... Emakumeek izandako parte hartzeari ere txoko propioa eskaini nahi izan diote Olanoeneko plazan. Andatzako fronteari buruzko nondik norakoen berri ere ezagutzeko aukera duzue, izan ere kolpisten aurrean inguruok babesteko altxatako defentsa lerroak zeharkatu zuen herri hau. Andatza aldean azken urteotan eginiko indusketa lanetan berreskuratutako hainbat material ikusgai jarri dute Sutegin eta bertan egongo da modu iraunkorrean ikusgai.
Gai honi buruzko informazio gehiago usurbil1936.eus atarian jaso ahalko duzue.
"Gero bat gaurdanik: Elkargunea eraikitzen"
Abenduak 23, astelehena
17:30-20:00 Aztarritruk frontoian: Aztarrikaren bigarren eskuko truke-azoka. Bilketa: abenduaren 19an eta 20an, 17:30-19:30, Sutegin.
18:00-20:00 Elkarguneko eragileen erakusketa irekiera Sutegiko erakustaretoan.
20:00 Gabonetako topaketen irekiera ekitaldia Sutegiko aterpean.
Abenduak 24, asteartea
Goizetik, baserritar jantziekin.
11:00 Talogintza ikastaroa Usurbilgo talogileekin frontoian.
11:30-14:00 Elkarguneko eragileen erakusketa Sutegiko erakustaretoan.
17:00 Aztarrikant: Palestinaren aldeko kantujira frontoitik.
Abenduak 26, osteguna
11:30-14:00 Elkarguneko eragileen erakusketa Sutegiko erakustaretoan.
17:00 Txirikorda: Usurbilgo lehen Etxebizitza Asanblada Herritarra (Txirikorda eta Aztarrika).
17:30 Sormen tailerra (Kulturgunea, Gaztelekua, Ziortza): antzerkia (Jontxu Martinez) eta eskulangintza (EITI), Anuk eta Elene solasaldi musikatua.
Amaieran, merendola.
Antolatzaileak: Kulturgunea, Ziortza, Aztarrika, Gaztelekua.