Erabilitakoa bota beharrean, erabiltzen segitzea; berrerabilera sustatzeko ekimenak hartu du frontoia astelehen arratsalde honetan. Elkargunearen "Gero bat gaurdanik" topaketen baitan, Aztarritruk, bigarren eskuko azoka egin dute.
Arropa jarri dute eskuragarri nagusiki; hartu eta eramateko moduan. Izan ere, gogoan izan, iragan abenduaren 19an eta 20an Sutegiko erakustaretoan biltzen aritu ziren gaur azokan edonoren eskura jarritako materiala. Nahi zuenak egin zezakeen ekarpena, gaur trukean beste zerbait hartzeko, edo ezer utzi ez duenak gaur zerbait hartu zezakeen baita. Izan ere, ekimenaren xede nagusia egunotan hain agerikoa den kontsumo eredu basatia iraultzea da eta horren aurrean, duguna bota ordez, erabiltzen segitzea, berrerabilera sustatzea alegia.
Liburuekin batera, bereziki arropa bildu nahi zuten aurtengoan. Ispilu eta guzti, nahi zuenak hartutako jantzia probatzeko aukera ere izan du, Aztarrika gazte asanbladakoen ekimenean.