"Etorri gugana eta parte hartu". Elkargunea osatzen duten herri eragileek (Ziortzak, Gaztelekuak, Kulturguneak eta Aztarrika gazte asanbladak) egunotan antolaturiko "Gero Bat Gaurdanik" topaketetako ekimenetan parte hartu eta herri egitasmo honekin bat egitera gonbidatu zituzten bart, ziklo honen hasiera ekitaldi ofizialean. "Guk argi daukagu, Elkargunea lau eragileetatik haratago, Usurbilgo herritarrongana zabaldu eta iritsi behar den proiektua da", gaineratu zuten herri eragileok Sutegi atariko ekitaldian plazaraturiko adierazpenaren bidez.
Azken urteotan, Elkargunea eraikitzeko jorratu duten lankidetza nabarmendu zuten, baina argi gogorarazi zuten moduan, "bidea ez da amaitu, bidea hasi besterik ez da egin". Aurreproiektu proposamena herriari aurkeztear duten arren, egunotako topaketen bidez, "Elkargunearen proiektua jada martxan dagoela aldarrikatzera etorri gara, geroa gaurdanik eraikitzen gabiltzala esatera".
Segidan duzue, topaketon hasiera ekitaldian Elkargunea osatzen duten herri eragileek plazaraturiko adierazpena:
Elkarguneko eragileen adierazpena
Hau hasi besterik ez da egin. Duela bi urte inguru, gaur hemen gauden lau eragileak, Ziortza, Aztarrika, Kulturgunea eta Gaztelekua elkartzen hasi ginen, elkarrekin ekiteko, elkarrekin egiteko, elkarrekin amets bat gorpuzteko. Behar ezberdinetatik abiatuta helmuga berdin bat, problematika eta hutsune ezberdinetatik abiatuta, ortzimuga berdin bat marraztu dugu, proiektu bat, tresna bat, Usurbilgo gazte mugimenduarentzako, kulturgintzarentzako eta astialdiarentzako harrobia, lantegia eta erakusleihoa izateko jaio dena.
Bi urte hauetan, lau eragileok bileraz bilera Elkargunearen ideia imaginatzen, sortzen, mamitzen, ardazten eta lur hartzen aritu gara, Usurbilgo Udalaren babesaren laguntzaz. Aurreko ikasturtean, Elhuyarrekin batera egin genuen prozesuan, ideia horren zutabeak eraiki genituen elkarrekin. Proiektuaren oinarri ideologikoak eta espazioak definitu genituen arren, oraindik lan garrantzitsua eta zirraragarria dugu aurretik.
Bidea ez da amaitu, bidea hasi besterik ez da egin. Aurreproiektuaren proposamena jada eskuartean dugu eta herrian aurkezteko irrikitan gaude. Baina izango da tarterik eraikinaren inguruan hitz egiteko eta parte hartze prozesuan zintzilik gelditu ziren hari-muturrak lotzeko.
Gaurkoan, Elkargunearen proiektua jada martxan dagoela aldarrikatzera etorri gara, geroa gaurdanik eraikitzen gabiltzala esatera. Horretarako, Elkargunea osatzen dugun lau eragileok topaketa hauek antolatu ditugu, "Gero bat gaurdanik: elkargunea eraikitzen" izenpean. Hain zuzen ere, eraikina oraindik ez dagoen arren, elkarlanak gaurtik hasi behar duela uste dugulako, elkarlan horretan dagoelako gakoa, herri hau eraldatzeko behar den potentziala, Elkargunea ez da eraikina inauguratuko den egunean hasiko, proiektua jada abian da.
Eta abian denaren adibide, egun hauetarako osatu dugun egitaraua da; anitza, aberatsa eta ziur, emankorra izango dena. Ostiralean, Ziortzaren San Tomas egunarekin jarri ginen martxan. Gaur goizean, Usurbil 1936ko lagunek gidaturiko gerra zibilaren inguruko ibilaldia izan dugu. Arratsaldean, Aztarritruk truke azoka egin dugu, kontsumismoari aurre egiteko bigarren eskuko azoka. Hemen, alboan ikusten duzuen erakusketa ere eskuragarri duzue proiektuaren parte garen eragile bakoitzaren berri eta Elkargunearen bilakaera ezagutzeko txokoa. Gaur arratsaldez irekita egon da eta bihar eta abenduaren 26an, 11:30-14:00 artean izango da bisitagarri.
Bihar goizeko 11:00etan talo tailerra izango dugu Usurbilgo talogileen eskutik eta arratsaldean, 17:00etan, Aztarrikantekin palestinarren aldeko kantaldia abiatuko dugu, Palestina Israelen eskutik jasaten ari den genozidio lotsagarria eta onartezina salatuz. Abenduaren 26an ospatuko dugu topaketen azken eguna, arratsalde bete batekin. Alde batetik, Txirikordako lagunekin elkarlanean, Usurbilgo Lehen Etxebizitza Asanblada Herritarra antolatuko dugu. Bertan, gaur egun, gehien kezkatzen gaituen etxebizitzaren inguruko problematikaz arituko gara. Aldi berean, Potxoenean eta ondoren, Zumarten, sormen tailerra izango dugu gaztetxoenentzat. Bi ekintza hauek aldi berean izanagatik, eta guztiok elkarrekin topaketak ondo ixteko, merendola bat egingo dugu hemen, bi saioak amaitu ostean, 19:30etan.
Gauzak horrela, egun hauetan izango dugu tartea gauza berriak ikasi eta iragana ezagutzeko, gizarte arazoetaz hausnartu, sormena landu eta kantu zaharrak abesteko. Baina bereziki izango dugu tartea, elkarrekin gozatzeko. Animatu, beraz, etorri gugana eta parte hartu. Guk argi daukagu, Elkargunea lau eragileetatik haratago, Usurbilgo herritarrongana zabaldu eta iritsi behar den proiektua da. Horregatik, gu jada hasi gara pixkanaka lanean bidea egiten, gaurdanik geroa proiektatzea posible dela aldarrikatzen.