Gabonak 2024-25

Talogileekin trebatzen, transmisioa eten ez dadin

Noaua Aldizkaria 2024ko abe. 24a, 14:46

Talogintza ikastaroan trebatzeko aukera izan du gazte belaunaldiak astearte eguerdi honetan frontoian, Elkargunearen topaketen baitan.

Giro, zapore eta usain ezin ederragoa zerion eguerdi partean Usurbilgo frontoiari. Negu giro beteko goiza gogotik poztu dute Elkargunea osatzen duten eragileek. Dakizuenez, topaketa egunetan dira Ziortza, Gaztelekua, Aztarrika gazte asanblada eta Kulturgunea kide dituen bilgunekoak, herri egitasmo hori eraikitzen segi, lankidetza indartu eta proiektua herriratzeko.

Hamaika hitzordu antolatu dituzte egunotarako; gaur goizerako talogintza ikastaroa. Aurreko taldearen eskutik, erreleboa hartua duen herritar talogileak haien jarduna irakasten aritu dira frontoira joandako gazte belaunaldi berriari. Taldetxotan prestaketa fase guztiaren berri jaso eta talogintzan aritu dira. Eskuz ondutakoa, dastatuz borobildu dute goiza. Bitartean, gainerakoek bingo musikatuan parte hartzeko aukera izan dute.

Talogintzarako trebetasuna gal ez dadin, herri honek talogile talde iraunkor bat izan dezan, transmisio ariketa ederra egin dute gaur goizean pilotalekuan.

Antolakuntzatik aurrez eginiko deialdiarekin bat eginez, baserritar jantziekin plazaratu dira parte hartzaileak. Goizeko talogintza ikastaroaren ondotik, Palestinako genozidioa gogora ekarriko duen Aztarrikant kantu-jira solidarioarekin emango diote segida egun honi arratsaldean:

"Gero bat gaurdanik: Elkargunea eraikitzen"
Abenduak 24, asteartea
Goizetik, baserritar jantziekin.
17:00 Aztarrikant: Palestinaren aldeko kantujira frontoitik.

Abenduak 26, osteguna
11:30-14:00 Elkarguneko eragileen erakusketa Sutegiko erakustaretoan.
17:00 Txirikorda: Usurbilgo lehen Etxebizitza Asanblada Herritarra (Txirikorda eta Aztarrika).
17:30 Sormen tailerra (Kulturgunea, Gaztelekua, Ziortza): antzerkia (Jontxu Martinez) eta eskulangintza (EITI), Anuk eta Elene solasaldi musikatua.
Amaieran, merendola.

Antolatzaileak: Kulturgunea, Ziortza, Aztarrika, Gaztelekua.