Gabonak

"Denak du bere hizkuntza, eta ezinezkoak ere bai"

Noaua Aldizkaria 2024ko abe. 26a, 09:11

Gabonetan ezinezkoa ere posible bilakatzen omen da, hori dio behintzat kondairak. Horixe bera egingo du larunbatean, abenduaren 28an gala magikoa antolatu duen Oier Agirresarobe herritarrak ere. Bost mago eta magiarekin ezinezkoa ere egia bilakatzen ahaleginduko dira “Sasi guztien gainetik…” ikuskizunean. Sutegin izango da hori 18:00tatik aurrera. Sarrerak 3 eurotan eskura daitezke usurbilkultura.eus plataformaren bidez.

Gala magikoa antolatu duzu abenduaren 28rako. Lehen aldia duzu halako neurriko zerbait antolatzen. Nolatan hartu duzu hau antolatzeko erabakia?
Mago asko ezagutzen ditut inguruko herrietakoak. Bakoitzak bere gala propioa izaten du edo jaialdi oso bat. Nik ere hori nahi nuen. Usurbilen ez dago beste magorik eta horrelako zerbait egitekotan nik izan beharko nuen.

Bost magok hartuko duzue parte galan. Bakoitzak magia diziplina ezberdin bat erakutsiko du edo nola antolatu duzue?
Normalean, magian hasten zarenean kartekin trukuak egiten hasten zara. Kaxa batean norbait sartu eta erditik moztu, edo uretan sartu pirañekin eta halakoak ez dira egiten, edo ez hasieran behintzat. Gertuko magia egiten dugu kartekin eta halakoak. Antzeko kontuak egingo ditugu.

Herrian magia saioren bat egin duzu. Oraindik ere urduri jartzen zara taularatzean?
Urduri beti jartzen gara, baina normalean horrek ez du gure erakustaldian oztoporik suposatzen. Nire arazoa behintzat, ez da hori.

Gidaritza lanetan ere arituko zara zu. Lehen aldia duzu aurkezle lana eta halako pisua hartzen?
Normalean magia ikuskizuna antolatzen duena izaten da aurkezlea eta gainontzekoak gonbidatuak izaten ditu. Magia galetan aurkezleak magia egiten du tarteetan. Eneko Gutierrez legazpiarra, Maria Arandia errenteriarra, Iago Azkue azpeitiarra eta Oier Jurado markinarra izango dituzu lagun.

Mago gazteen belaunaldi berria zaretela esango zenuke?
Denok ez gara adin berekoak, gehienek 18-22 urte bitarte dituzte eta nik 14 egin berri ditut. Hitzaldi, ikastaro eta magia jaialdietatik ezagutzen ditut denak eta lagun handiak gara.

Nola ikasten da magia egiten? Badaude ikastaroak edo autodidakta izan behar da?
Asko joaten naiz mendira familiarekin eta mendiko txaboletara lotara joatean, batzuetan jendea egoten da. Behin, gizon bat aurkitu genuen ogi xerra bat eta saltxitxoi pixka bat baino ez zeukana, eta guk espagetti beroak geneuzkanez, batzuk eman genizkion. Horren truke, opari bat egin nahi zigula esan zigun, ez objektu bat, baina bai zerbait. Magia egin zigun kartekin. Afizionatua zen, ez zen benetako magoa, eta hark erakutsi zizkigun truko batzuk. Horrela hasi nintzen. Interneten gauza pila bat daude gaur egun eta gehienak musutruk izaten dira. Mundu horretan sartuta, magoak ezagutzen hasten zara eta jaialdietara joaten. Magia elkarte bat bada Donostian, eta noizean behin ikastaroren bat ere egiten dute. Parte hartu nuen haietako batean. Lokal batzuk badaude eskola eta denda dituztenak. Aukerak badaude nahi duenarentzat. Materiala erosteko ere mila aukera daude. Ikasteko modurik onena magoekin egon eta magia egitea da.

Zer da magia? Ez da galdera erraza baina zuk nola definituko zenuke?
Nire bisita txartelean honakoa jartzen du: “Denak du bere hizkuntza eta ezinezkoak ere bai”. Ezinezkoaren hizkuntza da magia. Hausnarketa horren ondorio dela esango nuke. Nire ikuskizunean azaltzen dut zergatik naizen magoa. Galdera horri ikuskizunaren amaieran emango diot erantzuna. Zergatik ez nago etxean txanponak biderkatu eta dirudun bilakatzen? Hori eginda niretzat lortuko nuen onura, baina jendaurrean magia eginda, bai nik eta bai ikusleek ere onura izango dute.

Magian nora iritsi nahi zenuke?
Ahal den lekuraino, dena nahi dut. Komunitatearen barnean ondo jarritako magoa izan nahi dut, ez bakartia dena. Lehiaketak ere izaten dira elkarteak ordezkatzeko. Mundu oso zabala da.


"Mago gazteen belaunaldia badator"
Nola praktikatzen duzu? Gurasoen aurrean?
Bai, normalean gurasoei erakusten diet ikasitakoa. Arrebari ezin diot ikasitakoa erakutsi, jada nazka-nazka eginda daukat eta. Ez ditu truko gehiago ikusi nahi. Beste magoekin konparatuta iruditzen zait gutxi praktikatzen dudala. Etxean trukoak erakutsi eta gero, seguru sentitzen banaiz, lagunei edo edozeini egiteko gai izaten naiz. Angelu kontua ere izaten da askotan, atzean edo mauka barnean ezkutatu behar izaten ditugulako objektuak. Halakoetan, aukera ona izaten da grabatzea eta ispilu borobilak ere badaude angulu bakoitzetik zer ikusten den kontrolatzeko. Nik hori ez daukat, baina askok erabiltzen dituzte.

Gurasoek harrapatzen dituzte trukoak?
Batzuk oso onak dira eta ez naute harrapatzen. Dakidana praktikatzen dut normalean, ez gehiago ikasita, baizik eta ezagun hori gehiagotan errepikatuta. Truko asko daude. Ni ez naiz truko asko egiten dakien magoa, egia esan.

Magia erakustaldiak indartzen ari dela. Hala al da?
Nik urtebete baino ez daramat magian eta badut sentsazioa indarra duela. Lehen gala txikiak egiten ziren, eta orain kongresuak ere egiten dira. Espainian mago famatu dezente daude eta azken aldian asko ari dira mugitzen. Mago gazteen belaunaldia ere badator. Gasteizen Espainiako kongresurik garrantzitsuena egiten dute, batzuen ustez Europako garrantzitsuena dena. Fournier karten omenez egindako kongresua izaten da eta bertan izan nintzen irailean hango mago handien eskutik ikusi eta ikasten. Hitzaldiak eta denetariko ekitaldiak izaten dira bertan.