Gabonak 2024-25

Euripetik aterpera, inoizko bira azkarrena egin dute Mari Domingik eta Olentzerok

Noaua Aldizkaria 2024ko abe. 24a, 19:25

Euria tarteko, Kalezartik abiatzeakoa zuten kalejira bertan behera utzi dute gaur arratsaldean. Kiroldegitik frontoirako ibilbide azkarra osatu dute Mari Domingik eta Olentzerok.

 

Gure artean dira Mari Domingi eta Olentzero. Harrera beroa egin berri diete frontoian eta ez Dema plazan, aurreikusia zegoen moduan. Izan ere, etenik ez duen euriak goitik behara aldatu behar izan du antolakuntzaren plangintza. Urtero legez, Kalezartik herri erdigunera kalejira egitea zen asmoa. Baina atertzen ez zuela ikusirik, astearte bazkaloste honetan, ibilbidea egokitu eta nabarmen murriztea erabaki dute antolatzaileek. Udarregi ikastola paretik abiatu dira eta handik behera minutu gutxian amaitu dute ezinbestean, euripean egin behar izan duten kalejira txikia. Galtzagorriak izan dituzte bidelagun, haiek argiztatu diete bidea, baita zanpantzarrek edota adarjoleek ere.

Konturatzerako, estalpean, frontoian ziren. Pilotalekua leporaino bete duten herrikideak zituzten zain. Albiste honi atxikitako bideoan duzue Mari Domingiren eta Olentzeroren mezua, aurten bertsotan helarazi digutena.