Gabonak 2024-25

Arratsalde goibelari kantu giro alaian aritu dira Aztarrikant ekimenarekin

Noaua Aldizkaria 2024ko abe. 24a, 20:26

Aztarrikant kantu-jira bereziak alaitu du gabon gauaren atariko arratsalde euritsua.

Gogotik aritu da euritan astearte arratsalde osoan zehar. Ordu tarte horretarako iragarriak zeuden hitzorduak baldintzatu ditu eguraldiak. Baldintzatu bai, baina bertan behera utziarazi ez. Ohi baino kalejira motzagoa egin behar izan duten Mari Domingiren eta Olentzeroren etorrerarekin bat egin du Aztarrikant ekimenak. Elkargunearen egunotako "Gero Bat Gaurdanik" topaketen baitan, antolatu dute hitzordu hau.

Iaz ere egin zuten kantu-jira berezi hori; aurtengoan, ordea, palestinarren aurkako genozidioa salatu eta gogora ekartzeko baliatu nahi izan dute hitzordu hau. Mari Domingi eta Olentzero frontoira heldu berritan hasi dira "Hator, Hator" abestuz, palestinar banderolak eskuartean zituztela. Bi pertsona horien harrera ekitaldia amaituta eman diote segida, euria tarteko, frontoian bertan, handik mugitu gabe, aipatu kantu saioari. Poteora irtendakoak inguratu zaizkie.

Aztarrika gazte asanbladak, Gaztelekuak, Ziortzak eta Usurbilgo Kulturguneak antolaturiko topaketa hauek etzi segiko dute, eta etzi, ostegunean bertan amaituko dira, hitzorduon bueltan:

"Gero bat gaurdanik: Elkargunea eraikitzen"
Abenduak 26, osteguna
11:30-14:00 Elkarguneko eragileen erakusketa Sutegiko erakustaretoan.
17:00 Txirikordan: Usurbilgo lehen Etxebizitza Asanblada Herritarra (Txirikorda eta Aztarrika).
17:30 Sormen tailerrak Potxoenean eta Zumarten (Kulturgunea, Gaztelekua, Ziortza): antzerkia (Jontxu Martinez) eta eskulangintza (EITI), Anuk eta Elene solasaldi musikatua.
Amaieran, merendola Sutegi atarian.

Antolatzaileak: Kulturgunea, Ziortza, Aztarrika, Gaztelekua.