Abenduari eta 2024. urteari dagokion azken ostirala gaurkoa, mobilizazio eguna ohi bezala. Sarek deitutako elkarretaratzea egingo da iluntzeko 20:00etan Mikel Laboa plazan. Duela hilabete, azaroa amaierako deialdian iragarri moduan, hainbat hitzordu iragarri zituzten asteotarako. "Animatu gurekin batera, bakearen, konponbidearen eta elkarbizitzaren bidean aldarri egitera gabonetan ere", egin zuten gonbita.
Horien artean, "Behin betiko. Bakea. Konponbidea. Elkarbizitza" aldarripean urtarrilean 11n Bilbon (17:00etan La Casillatik) egingo den mobilizazio nazionala nabarmendu zuten. Hitzordu horri begirako iragarkia plazaratu berri du Sarek, albiste honi atxikia duzuena.
"Handiak izan dira azken egunotan emandako pausoak, baina handiak dira oraindik ere emateko ditugunak. Jarrai dezagun, beraz, elkar hartuta lanean, guztion lanarekin lortuko baitugu horren beharrezko dugun gatazkaren konponbideari behin betiko amaiera ematea".
Azken aldiko pausoen artean, gogora ekarri zuen Usurbilgo Sarek urriaren 26an eginiko konferentzia. "Martina Andersonek zein Brian Currinek nazioarteko ekarpena egiteaz gainera, Laura Pego, Jon Mirena Landa eta Jaime Tapia izan genituen ondoan bakearen, konponbidearen eta elkarbizitzaren bidean ematen ari garen pausoak aztertu eta aurrera begirako gakoak lantzeko".