2024ari gainbegiratua

Elkargunea non eta nola eraiki, jakinarazi zuten urtarrilean

Noaua Aldizkaria 2024ko abe. 28a, 10:29

Urtarrilean hizpide izan genituen gai nagusien aipamena duzue lerrootan.

Urte amaiera honetan protagonista izan dugun Elkargunea albiste izan genuen baita urte hasieran. Izan ere, herri egitasmo honen nondik norakoak aurkezteaz gain, haren kokalekua zehaztu zuten Elkarguneko kide diren Kulturguneak, Gaztelekuak, Ziortzak eta Aztarrika gazte asanbladak. Anbulatorio ondoko zelaian eraikiko dute. Egitasmoak sustaturiko lankidetzan sakondu eta proiektua bera definitzeko parte hartze prozesua hastera zihoazela berri eman zuten, kokaleku horretan bertan eginiko agerraldian.

Gabonen amaierarekin hasi genuen, ordea, urtea; besteak beste, erregeen kabalkadarekin. Ospakizun giroak hurrengo asteetan segi zuen Donostia Egunaren bezperako danborradekin. Donostia Eguna aipatuta, hilabete batzuk lehenago zendutako Eskaut Gia Tanborradako kide Antxon Zubeldia Maiz usurbildarra omendu zuten.

Garai beretsuan ekin zioten txotx denboraldiari. Euskal Sagardoa, Europan "mugaz gaindiko" Jatorri Izendapena duen lehen edaria izango zela berri eman genizuen.

Lan-istripuen salaketak
Mobilizazioen atalean, lan-istripuen salaketak izan genituen albiste. Batetik, pairatutako halako ezbeharren aurka mobilizatu ziren Atalluko Corres Express-eko langileak lantoki atarian. Aginagako enpresa batean izandako lan-istripua ere salatu zuten Mikel Laboa plazan, halakorik ez errepikatzeko neurriak galdegitearekin batera.

Zenbait urtemuga ere hizpide izan genituen urtarrilean. 50. urtemugako ekitaldietan murgiltzear den Usurbilgo Odol Emaileen Elkarteak, urtero moduan, hainbat herrikide omendu zituen odola emanez agerturiko eskuzabaltasunagatik. 30 urte bete dituen Aitzaga elkartearen ospakizunak urte hasiera honetan abiarazi zituen Ameba taldeak eta ondorengo barrikoteak. 15 urte betetako Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak, bestalde, ikasturte berria abiatu eta urteko lehen kantu-jira antolatu zuten.

Sortalderen aurkezpena
Ingurumen gaiei dagokienean, erraustegia albiste izan genuen. Bertan, hidrogeno berdea ekoizteko asmoa agertu zuen Foru Aldundiak. Bestalde, Nafarroako Artaxoako konpostatze-plantara Zubietako plantatik garraiatutako lixibiatuen gaia pil-pilean zen; Ecofert Sansoain SM izeneko enpresa hori kautelaz itxi zuten. Gaia Gipuzkoako Batzar Nagusietan jorratu zuten. EHBilduk foru ingurumen diputatua interpelatu zuen.

Bestalde, energia aholkularitza martxan jarri zuen berriz Usurbilgo Udalak. Sortalde, Usurbilgo energia berriztagarrien komunitateak eratu duen kooperatiba ere aurkeztu zuten. "Egungo eredu energetikoari alternatibak aurkezteko bildu gara Sortalden", berri eman zuten Sutegin eginiko ekitaldian.

"Artxibo biluzia"
Euskalgintzari dagokionean, 23. Korrikako antolakuntzak martxoaren 19an zeharkatuko zuela Usurbil jakinarazi zuen. Euskararen aldeko lasterketa hau prestatzen hasteko atzerako kontaketa abiatu zen.

Kulturgintziari dagokionean, lehenago, otsailaren 10ean ospatzekoa genuen Inauteri Festarako gaia ere erabaki zen urteko lehen hilabetean; fauna izan zen proposaturiko mozorrotzeko aitzakia.  "Artxibo biluzia" Joan Mari Torrealdai beka deialdian Metrokoadroka kolektiboak ondutako "Artxibo biluzia" proiektuaren baitan, literatur idazketa eta performancea uztartzen dituen tailerra eta antzezlana eskaini zuten.

Horrez gain, urtero moduan Argia Sariak banatu zituzten Atxega jauregian. Bestelako proiektuen artean, otsailean NOAUA! K.E.-ren Kulturaldiaren baitan ikusgai izandako "Bizkarsoro" filmak jaso zuen sarietako bat.

Hilabetea, Irisasi BTT Hotzak Akabatzen herri probarekin agurtu genuen.


2024ko urtarrileko argitalpenak
Urtarrilaren 12ko 975. NOAUA!
Urtarrilaren 19ko 976. NOAUA!
Urtarrilaren 26ko 977. NOAUA!
Herrira begira