Azaroan egon ohi den ekitaldi eskaintza zabala aintzakotzat hartuta, NOAUA! Kultur Elkarteak estreinakoz herri dinamiken ikuspuntutik nabarmen lasaiagoa den otsailera aurreratzea erabaki zuen estreinakoz Kulturaldia. Edizio honek data aldetik soilik ez, espazio aldaketa ere ekarri zuen. Izan ere, Sutegiko ekitaldiez gain, Aginagako Eliza Zaharrera hedatu genuen Kulturaldia, Tapia eta Leturiaren eskutik.
Sorkuntzari tarte zabalagoa eskaini zitzaion otsaileko hitzorduen artean. Kulturguneak, Aztarrikak, Ziortzak eta Gaztelekuak osaturiko Elkargunea definitzen joateko Elhuyarrek dinamizaturiko parte hartze prozesuari ekin zioten. Udalbiltzaren Geuretik Sortuak egitasmoaren baitan, geure artean eginiko egonalditik sortutako "Handantza" komikia aurkeztu zuen Mattinek Sutegin. Zaparra musika taldeak "Orbanak Iruditan" lan berriaren aurrerapena plazaratu zuen. Bestalde, 2. Etumeta Literatura Lehiaketara lanak aurkezteko epealdia zabaldu zuten.
Jontxu gogoan
Urteurren berezi bat ere ekarri zuten gogora. Izan ere, hamar urte bete ziren Jontxu hil zenetik. Jontxu Rock jendetsuarekin, Jon Uribe Navarro omendu zuten otsaila hasieran biziki estimatuak zituen herriko musika taldeek jaialdi berezi batean.
Neguko ospakizunei dagokienean, Santa Ageda bezperako kantu-jira berezia egin zen, estreinakoz, Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzunetik, Egurtzegitik abiatuta. Bestalde, fauna gaitzat zuen Inauteri Festa ospatu genuen, ikastetxeekin, Orbeldikoekin edo Burrunbazale txarangakoekin dantzan eta Itzal erromeri taldekoekin gau partean parrandan.
Herriko jaiak ere antolatzen hasi ziren jai batzordearen baitan; ekainaren 28tik uztailaren 2ra ospatuko zirela erabaki zuten. Beste data bat ere finkatu zuten; Kalezarko Pelaioenearen irekiera egunarena, martxoaren 23rako.
Legealdi Plana
650 Usurbil Bizi herri egitasmoko bisita gidatuak ere hizpide izan genituen; "Usurbil Museo Irekia" ekimenak eta Chillida Leku museoak bat egin zuten bi bisita gidatu bateratu eskaintzeko, Chillida jaio zenetik ehun urte eta Zumetaren frontoi atzeko muralak 50 urte bete dituen honetan.
2023ko maiatzeko udal hauteskundeen ostetik osatutako udalbatzarekin abian jarritako 2023-27 legealdirako plangintza aurkeztu zuen, bestalde, udal gobernu taldeak Zumarte Musika Eskolako ganbaran; guztira 120 egitasmo berri, “Usurbil bizigarriagoa, zaintzaileagoa, jasangarriagoa eta berdinzaleagoa eraikitzen jarraitu ahal izateko”.
Baserritarrak errepidera
Ingurumen gaiei dagokienean, Aginaga eta Txokoaldeko hondakin-urak kolektore nagusira batu ziren. Anerreka, Eguzki eta Naturkon elkarte ekologistak Orbeldiko presaren "eraispena bizkortzea" eskatu zuten. Artean, aingira berreskuratzeko plan integrala aurkeztu zuen Foru Aldundiak. Zubietako erraustegitik Artaxoara bidalitako lixibiatuen auzia Gipuzkoako Batzar Nagusietako Jasangarritasun Batzordean hartu zuten ahotan berriz.
Azkenik, Gipuzkoako baserritarrak errepidera irten ziren; traktoreek inguratu zituzten errepideak otsailean bitan. "Lehen sektore duinaren alde" laguntza eske irten ziren protestan.
Uholdeekin agurtu genuen otsaila. Erriotik gertuen ziren soto eta erriberetan barneratu zen Oria, Zubieta, Santuenea edota Txokoalde aldean.
2024ko otsaileko argitalpenak
Otsailaren 2ko 978. NOAUA!
Otsailaren 9ko 979. NOAUA!
Otsailaren 16ko 980. NOAUA!
Otsailaren 23ko 981. NOAUA!