2024ari gainbegiratua

Euskaltzaleen uholdea barneratu zen herrian korrika, martxoan

Noaua Aldizkaria 2024ko abe. 28a, 09:50

2024ko martxoari gainbegiratua egiteko tartea duzue lerrootan. Agurtzear dugun urteko hirugarren hilabetean hizpide izandako gertaera nagusien berri duzue segidan.

Hainbeste itxarondako, baina ziztu bizian igarotako 23. Korrika heldu zen martxoan gure artera; oraingo hau ere ilunpetan, astearte afaloste batean. Zeharkaldi jendetsua egin zuen euskararen aldeko lasterketak gure artean, "Harro Herri" aldarripean. Aurretik, girotzeko Korrika Eguna antolatu zuten herriko eragile hainbatek lankidetzan. "Oso gaude harro herriaz, harro gure herriaz, eta hunkituta, eman diguzuen laguntza guztiagatik", eskertu zuen Etumeta AEK euskaltegiak, lasterketa igaro berritan.

Euskaltegia laguntzeko elkartasun azoka bideratu zuen Udarregi ikastolak. Udarregi ikastolako ikasle bat saritua, Bertso Idatzien Eskolarteko Txapelketan.

Korrika Baionako helmugara heltzear zela, Pantxoa eta Peiori eskainitako saio monografikoa antolatu zuen Kantu Taldeak. Bi sortzaileotako bat ezustean bisitan izan zuten, 15 urte betetako bilgunearen hitzorduan. 15 urte bete zituen baita, Usurbilgo hondakinen kudeaketa eredua irauli zuen atez ateko bilketa sistemak.

Palestinarekin bat
Elkarretaratzeei dagokienean, bi orduko mobilizazioa egin zuten herri eragile hainbatek, Palestinako genozidioa geldiarazteko, " 2 ordu Palestinarekin" ekimenaren baitan. Martxoaren 8an, Kafe Tertuliak, Usurbilgo Udalak eta Emakumeen Etxeko talde sustatzaileak deitutako elkarretaratze jendetsua egin zuten Mikel Laboa plazan. "Guk ez dugula sistema hau zainduko, inoiz baino ozenago aldarrikatuko dugu", adierazi zuten. LAB, ELA, CCOO, STEILAS eta ESK sindikatuek greba eguna deitu zuten, bestalde, martxoaren 12an sektore publikoan. Usurbilen eragina izan zuen udal zerbitzuetan, garraio zerbitzuetan edota eskola publikoetan.

20. Soinurbil
Kulturgintzari lotutako albisterik ez zitzaigun falta izan martxoan. Idoia Torregaraik bere lehen liburua aurkeztu zuen; Zaldieroarekin kaleraturiko 150 ipuin laburreko Mikroipuinak. Euskal Herriko txirrindulari Itzulirako kartela aurkeztu zuten; Joseba Larratxek ondutakoa.

20. ediziora heldutako Soinurbil musika aste oparoa antolatu zuen Zumarte Musika Eskolak. Orbeldiko dantzariekin eta herriko abeslari zein musikariekin ekin zioten ziklo borobilari. "Herria, gure ikasleak aberasteko erreminta bat da Soinurbil", nabarmendu zuten antolatzaileek. Gazte Eguna kantuan, afaritan eta kontzertu artean ospatu zuen gazte asanbladak negu giro betean, “herri bizi bati deika, egin Aztarrika" aldarripean. 

650 Usurbil Bizi herri egitasmoak bisita gidatuen eskaintza indartu eta aplikazio berria aurkeztu zuen.

Kirol arloko albisteei dagokienean, Bera Bera taldekoek prestaketa saioetako bat Oiardo kiroldegian egin zuten.  

Pelaioenearen irekiera
Otsaila amaieran udalbatzak hartutako zenbait erabakiren berri eman genizuen; Euskal Trenbide Sarearen eta Udalaren arteko hitzarmenaz, Txokoaldeko obren eraginak murrizteko. Orbeldiko presa eta indarretxea deskatalogatzea erabaki zuen udalbatzak; taxi tarifak berritzearekin batera. Bestalde, Haur eskola "herritik kudeatuko da" berri eman zuen udal gobernu taldeak Sutegin eginiko bilera irekian, haur eskolako eraikinari heltzeko unea iritsi zela berri ematearekin batera.

Landaola Gipuzkoako landa garapen elkarteen federazioak Sutegi hautatu zuen hainbat proiektu saritzeko. Udala sariotako bat jasotzeko hautagaien artean izan zen.

Emakumeen Etxea eta kalezartarren udal ekipamendua bateraturiko Pelaioenea eraikin berritua inauguratu zuten martxoaren 23an Kalezarren. "Gure esku dago bizirik mantentzea eta erreferentziazko espazio batean bihurtzea", nabarmendu zuten.

Azkenik, GuraSOS erraustegitik Artaxoara garraiaturiko lixibiatuez mintzatu zen Nafarroako parlamentuan

2024ko martxoko argitalpenak
Martxoaren 1eko 982. NOAUA!
Martxoaren 8ko 983. NOAUA!
Martxoaren 15eko 984. NOAUA!
Martxoaren 22ko 985. NOAUA!