2024ari gainbegiratua

1936an jazotakoa biziberritu zuten apirilean

Noaua Aldizkaria 2024ko abe. 28a, 09:29

1936ko gerrak utzitako arrastoak hurbiletik ezagutzeko aukera izan zen Usurbil 1936 elkarteak Andatzara antolaturiko ibilaldi girotu eta antzeztuarekin. Gertakari gehiago ere izan ziren apirilean. Lerrootan duzue, 2024ko laugarren hilabeteari eginiko gainbegiratua.

1936ko gerran jazotakoa biziberritu zuten Andatzan. Usurbil 1936 elkarteak eragile gehiagorekin lankidetzan antolaturiko bisita gidatu eta antzeztua egin zuten ia 90 urte lehenago, gutxienez, 19 hildako eta 55 zauritu izan ziren defentsa-lerroa izandako Andatza tontorrera. Gerra hartako aztarnen lekuko izan ziren parte hartzaileak. Orduko hainbat gertakari biziberritu zituzten, garai hartako dokumentu eta lekukotzetan oinarrituta. Aurreko bi urteotan egindako indusketa lanak ere erakutsi zituen Usurbil 1936 elkarteak, bistaratu zituzten lubakiak.

Zaintzaileago
Udal albisteen tarteari dagokionean, herri zaintzaileagoa izateko bidean, urte amaierara arte luzaturiko astearteroko ibilaldi osasuntsuen "Usurbil, goazen kalera" egitasmoa berreskuratu zuten apirilean. Osasun gaien ildotik, hitzarmena sinatu zuten Usurbilgo Udalak eta Gipuzkoako botikarien elkargoak, botika bidezko tratamenduei eusteko zailtasunak dituztenei laguntzea xede izango duena. Horrez gain, tramiteak erraztu edota jendaurreko zerbitzua hobetzeko zenbait neurri jarri zituen Udalak indarrean.

Haur eskola, Txirikorda eta Pelaioenea
Udalbatzak hartutako erabakiei dagokienean, Sortalde Usurbilgo Energia Berriztagarrien Komunitatea Kooperatibako bazkide laguntzaile izatea onetsi zuen. Urte berrirako Usurbilgo Udalak onarturiko ordenantza fiskaletan zenbait aldaketa txertatzea onartu zuen; tartean, haur eskolako tasetan.

Haur eskola ere hizpide izan zuten udal ordezkariek. Erabiltzaileen betebeharren eta eskubideen araudia onartu zuten, haur eskolaren zerbitzu kontratua hiru urtez esleitzeko prozedura abiatzearekin batera.

Handik gertu kokaturiko Txirikorda ere hizpide izan zuten. Muriasek ordaindu beharreko behin-betiko kalte-ordaina zehaztu zuen Udalak; 211.632,36 euroko kalte-ordaina ordaindu beharko ziola Txirikorda eraikitzeaz arduraturiko Murias enpresak Usurbilgo Udalari, bere gain hartuak zituen konpromisoak bete gabe utzi ostean. Izan ere, lanak amaitu gabe utzi zituen. Bide batez, Txirikorda maiatzaren 10ean irekiko zutela ere iragarri zuten.

Kalezartik irten gabe, Pelaioenearen bigarren irekiera ekitaldia ere izan genuen. Izan ere, Emakumeon Etxeaz gain, auzotarren bilgunea izango da baita aurrerantzean. Auzotarrek egin zioten apirilean harrera eraikin berrituari, hura dinamizatuko duen Belmonte auzo elkarteak.

Bestalde, Aginagako tunela eraiki eta trenbidea bikoizteko proiektua ontzat eman zuen Eusko Jaurlaritzak. Lanen lizitazioa 32 eurokoa izango zela jakinarazi zuen. Txokoaldetik hurbil egingo diren lanak lizitaziora atera zituen.

Errelebo beharrean
Kulturgintzako albisteei dagokienean, hilabete geroago ospatuko zen Sagardo Egunaren Lagunak taldeak jakinarazi zuen, 2024an azken aldiz antolatuko zuela usurbildarren festa kuttunena. 2025eko Sagardo Egunari begira, talderen bat animatuko balitz, errelebo lanak bideratzeko prest zeudela jakinarazi zuten.

Frontoi atzeko muralaren 50. urtemuga ospakizunen zikloa borobilduko zuen "Zumetaren Usurbil" erakusketa ere ireki zuten. "Geure herri-iruditeria, izaera arnasten da erakusketa honetan, geu garena", adierazi zuten antolatzaileek.

Orbeldiren eskutik, bestalde, "Dantzaroan" murgildu ginen; 5. Dantzari Txiki Egunak eman zien hasiera ospakizunei. 12. Dantza Egunak amaitu zuen zikloa, "Borobil" herri ikuskizun berriaren estreinaldiarekin.

Gipuzkoako Organoak Plazara 2024 ekimenak Thierry Escaich organojolearen kontzertua ekarri zuen Salbatore elizara. Bertan, Zumarte eta Jacako abesbatzek kontzertu bateratua eskaini zuten. Euskarazko film labur berrienak proiektatu zituen NOAUA! K.E.-k Ander Iruretagoyena zuzendariarekin.

Hauteskundeak
Beste hauteskunde egun bat ere izan genuen apirilean; Eusko Legebiltzarra berritzeko zirenak. EHBildu nagusitu zen Usurbilen; udal taldeen artean koalizio horrek soilik eskuratu zuen babes handiagoa. %63,64ko parte hartzea sustatu zuen hitzorduak.

Urtebete lehenagoko hauteskundeetatik berritutako Gipuzkoako Batzar Nagusietako osoko bilkuran hizpide izan zuten berriz, Zubietatik Nafarroara bidalitako lixibiatuen gaia. EHBilduk horri buruz itaundu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiko ingurumen diputatu eta GHK-ren lehendakari Jose Ignacio Asensio.

Irteerak
Udaberri beteko txangoak ere antolatu ziren. Sagastiak Loretan zikloaren baitan, Zubietako sagastietatik barrena osteratxoa egin zuten, bertso-ibilaldia Jakoba Errekondoren azalpenekin eta Maialen Lujanbio zein Andoni Egañaren bertsoekin. Bestalde, hamarkada luzeetako ohitura berritu zuen herrikide talde batek; Usurbildik Arantzazurako ibilbidea oinez osatu zuten.

Kirol albisteei dagokienean, Pagazpe txapeldun izan zen Euskal Pilota Egokituko txapelketan. Euskal Pilota Egokituko 15. Gipuzkoako Txapelketako buruz buruzko finala irabazi zuen Beñat Lizasok.

2024ko apirileko argitalpenak
Herrira begira
Apirilaren 12ko 986. NOAUA!
Apirilaren 19ko 987. NOAUA!
Apirilaren 26ko 988. NOAUA!