Urteko azken ostirala atzo; Usurbilgo Sarek deitutako 2024ko azken elkarretaratzea egin zuten Mikel Laboa plazan. Balantze modukoa egiteko baliatu zuten hitzordua. "Urte garrantzitsua izan da etxerako bideari dagokionez, hamaika dira dispertsioaren amaierarekin batera espetxe ibilbideari ekin eta lege arrunta jarraituz etxerako bidea hasi duten euskal presoak. Balorazio ona egiten dugu noski honekiko, gatazkaren ondorioak amaitzea helburu dugun momentutik, euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea izan dugu eta izango dugu jomuga".
Agurtzear dugun 2024. urte honetan, "biolentzia ezberdinen biktimei dagokionez ere, izan dira aurrerapausoak, biktimek merezi duten egia eta aitortzaren bidean pauso nabariak ikusi baititugu. Etxerako bidean zein biktimen egia edo aitortzan, ordea, bide luzea dugu egiteko oraindik, gatazkak utzitako ondorioek ondorio izaten jarraitzen baitute".
Pausoetan sakontzea
2025eko erronkei dagokienean, "aurrez emandako pausoetan mantendu eta pauso horietan sakontzea" aipatu zuten, "2024an ezarritako bide-orriari jarraiki, euskal preso, iheslari eta deportatuen etxerako bidean aurrerapausoak ematen jarraitu nahi baitugu biolentzia ezberdinen biktimen egia eta aitortzarekin batera".
Urte berrirako lehen deialdiak iragarri zituen Usurbilgo Sarek. Garrantzitsuena, Bilbon hilaren 11n egingo den mobilizazioa. "Beste behin, Bilbon behin betiko bakearen, konponbidearen eta elkarbizitzaren alde egingo dugu, biolentzia ezberdinen biktimek behin betiko egia jakin eta aitortza jaso dezaten aldarrikatuko dugu eta noski, euskal preso, iheslari eta deportatuen behin betiko etxeratzearen alde mobilizatuko gara", iragarri zuten.
Hara joateko autobus zerbitzua antolatuko dute. Horrez gain, girotzeko mus txapelketa ere bai. Hemen, 2025ari ekiteko Sarek iragarritako lehen hitzorduen berri:
Sareren datozen deialdiak
Urtarrilak 4, larunbata
16:00 Mus txapelketa Usurbilgo frontoian. Izena unean bertan, frontoian.
Urtarrilaren 7ko astean
Urtarrilaren 11ko Bilboko manifestaziora joateko Usurbildik antolaturiko autobus zerbitzuan izen-ematea ohiko tokietan.
Urtarrilak 11, larunbata
17:00 Sareren mobilizazioa Bilboko La Casillatik. Hara joateko autobus zerbitzua Usurbildik.
Urtarrilak 31, ostirala
20:00 Elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.
Deitzailea: Usurbilgo Sare.