2024ari gainbegiratua

Txirikorda inauguratu zuten maiatzean

Noaua Aldizkaria 2024ko abe. 28a, 09:18

Lerrootan duzue 2024ko bosgarren hilabeteko gertakari nagusien gainbegiratua.

Ikusmina eragindako proiektua inauguratu zuten maiatzean; Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioa hain zuzen. Fanfarrikant-ekoek giroturiko irekieran, bizilagunek prestaturiko ongi etorria plazaratu eta bisita gidatuak antolatu zituzten proiektua hurbiletik ezagutarazteko.

Txirikordatik hurbil, bestalde, Matiako langileak mobilizazioetan zebiltzan aste haietan, lan hitzarmen duin baten alde borrokan.

Kutsadura nabarmen hazi
Erraustegia ere hizpide izan genuen maiatzean; martxa egin zuten Zubieta gaineko plantara. "Itxi ezazue behingoz, alferrikako erraustegi zikin, arriskutsu eta garesti hau!", adierazi zuten ibilaldi haren amaieran. Handik aste gutxira, ToxicoWatch fundazio holandarrak egindako behaketa lanaren emaitzak aurkeztera etorri ziren. Planta horren bueltan kutsadura nabarmen hazi dela jakinarazi zuten Sutegin. Tarte horretan, Espainiako Konstituzio Auzitegiak GuraSOSen babes-errekurtsoa izapidetzea onartu zuen.

Bien bitartean, 2023an Usurbilek %86ko gaikako bilketa izan zuela jakinarazi zuen Udalak. Auzo-konposta gune berria egokitu zuten Ugartondon. %40tik %62ra hazi zen  Andatzatik behera datorren herriko urarekin hornitutako udalerriko eremua, filtrazio sisteman eginiko udal inbertsioari esker. Usurbilgo ur sistema ezagutzeko bisita gidatuak antolatu zituen Udalak.

Hilabete bizia
Oparo etorri zen maiatza, kultur eskaintzari dagokionean; buztingintzako tailerra Santuenean, sendabelarrei buruzkoak eta Ixabel Agirresaroberen kontaketa saioa Txokoargin, irakurketa solasaldia Yolanda Arrietarekin Sutegin, Idoia Torregarairen Mikroipuinak liburuaren aurkezpena,  "Vachoca" tailer artistikoaren saio irekia Potxoenean...

Galiza eta Usurbil lotutako kontzertu gau ederra ospatu zuten Aginagako Eliza Zaharra Elkargunean, Loita Amada galizarrekin eta Rukula zein Zaparra usurbildar taldeekin. Mikel Alkortaren eta Joseba Tapiaren eskutik, Aitzaga K.E.-ren 30. urtemuga girotzeko erromeria gaua izan genuen. Thomas Ospital organojole frantsesak Johann Sebastian Bach musikari handiari eskainitako kontzertua eman zuen Salbatore Elizan.

Azarora atzeraturiko Txalaparta Festa eguneko Jexux Artze K.E.-ren lehen hitzordua maiatzean egin zuten; Sutegi goraino betetako Iñaki eta Olatz Salvador osaba-iloben kontzertua.

Gabon garaian egin bezala, uda aurretik egiten duten belaunaldiarteko topaketa musikatuan bildu ziren estreinakoz Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzune Egurtzegin, Zumarteko ikasleak eta eguneko zentroko nahiz eguneko arreta zerbitzuko erabiltzaileak.

Amaitzeko, beste lau urterako lankidetza hitzarmena sinatu zuten Usurbilgo Udalak, UEU-k eta Jakinek, Jakin Jardunaldiak antolatzen segitzeko. "Gatazkaren memoria, memoriaren gatazka" izeneko aurtengo edizioa ere aurkeztu zuten hitzarmena sinatu zuten ekitaldi berean.

Maila igoerak
Kirol albiste pozgarriak ere izan genituen hilabete hartan. Usurbil FT-ko kadete neskek eta jubenil mutilek pozarren amaitu zuten 2023-24 denboraldia, mailaz igo ostean. Zortzigarren Erregina Kopa eskuratu zuen bi herrikide (Esther Arrojeria jokalaria eta Jon Begiristain entrenatzailea) kide dituen Bera Bera eskubaloi taldeak. Itzulia Women emakumezko txirrindularien lasterketako etapetako batek Usurbil zeharkatu zuen. Azkenik, Aitor Aranguren Errasti agingarrak Baikorekin berritu zuen kontratua beste bi urtez. 

Ospakizunak
Andatza Eguna ere ospatu zuten maiatzeko lehen igandearekin batera. Naturarekin jolasean igo zuten Zirimararen familia planeko partaideek.

Maiatzean zehar, egun seinalatu gehiago ere izan genituen. Hilaren 15arekin batera San Ixidro Eguna ospatu zuten. Bertan, bi sustatzaile historiko, Joxe Ramon Sarasola eta Euxebio Txapartegi omendu zituzten. Handik gutxira, ospatu zen 41. Sagardo Eguna, erreleboarena. Hilabete lehenago Sagardo Egunaren Lagunak-ek eginiko deialdiari erantzunez, herrikide talde bat animatu zen 2025eko edizioaren prestakuntza lanetan murgiltzera.

Jan-edanik falta ez genuen hitzordu horien bueltan jaki genuen baita, Otar-Goxo nagusitu zela II. Euskal Herriko Hanburgesa Onenaren Lehiaketan.

Ikastetxeak
Elhuyarren Zientzia Azokari ere lekua egin zitzaion frontoian maiatzean eta hantxe lau proiektu aurkeztu zituen Udarregi ikastolak. Multikirol topaketan OCR egiteko aukera izan zuten gaztetxoek.

Zubietako eskolak UdaberriFest astea ospatu zuen. Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatu zuten baita Aginagako eskolan.

Etxealdiako zubiaren itxiera
Hilabete amaieran, tren geltoki berria eraikitzeko urrats garrantzitsua eman zuten; Etxealdiako zubia eraisteko pasabide hau itxi eta bide alternatiboa zabaldu zuten. Garai beretsuan, patinete elektrikoak eta umerik gabeko haur-kotxeak debekatu zituzten garraio zerbitzuetan.


2024ko maiatzeko argitalpenak
Maiatzaren 3ko 989. NOAUA!
Maiatzaren 10eko 990. NOAUA!
Maiatzaren 17ko 991. NOAUA!
Maiatzaren 24ko 992. NOAUA!
Maiatzaren 31ko 993. NOAUA!
Sagardo Eguneko gehigarria