Urteurren berezi batekin ekin genion ekainari; Aitzaga K.E.-ren 30. urtemuga jaialdiarekin hain zuzen. Abestu eta errezitatu zioten bilgune omenduari. Eskertza helarazi zieten, urteotako ibilbidearen gainbegiratuan egitasmoko kide izandakoei. Fanfarrikant taldeak, herri bazkariak edota zirrara berezia eragindako kontzertu gau jendetsuak girotu zuten goizaldera arte luzaturiko jaialdia.
Gainerakoan, ohi bezala, 2023-24 ikasturtea agurtu eta uda giroko ekimenei harrera egiteko trantsizio hilabetea izan zen ekaina. Etumeta AEK euskaltegiak 2. Etumeta Literatura Lehiaketako sariak banatuz agurtu zuen ikasturtea. Kantu Taldeak abesten, Orbeldik kalejira batekin eta Artzabalen eskainitako emanaldiarekin, dantza giro bizian. Udarregi ikastolak, ohi bezala, hezkuntza komunitatea elkartu zuen egun osoko jaialdiarekin. Aginagako eskola olinpiar jokoen inguruko ikuskizunarekin joan zen udako oporraldira. Zumartek kalean, herriarekin partekaturiko kontzertu asteburuarekin amaitu zuen uda aurreko jarduna.
Jai zaintzaileak
Uda garaiko ekimenei, aldiz, estreinakoz aurkezpen ekitaldi baten eskutik hasi ginen murgiltzen. Izan ere, Usurbilgo Jai Batzordeak festen inguruko aurkezpen ekitaldia egin zuen Mikel Laboa plazan. Egitarau diseinu lehiaketaren irabazlearen berri eman zuten; Ane Ibargoien Alvarezen sortze lanak iragarri zizkigun aurtengo festak. Horrekin batera, adineko emakume zaintzaileek abiatuko zituztela festak berri eman zuten. Haien izenean, Juani, Maritxu, Angelines, Ixiar, Maria eta Rosa igo ziren udaletxeko balkoira txupinazo egunean. Haiei gorazarre eginez hasi genituen herriko jaiak.
Gazte txupinazoa izan genuen segidan. "Guk badugu bizitzeko eta herria egiteko beste modu bat", aldarrikatu zuen txozna gunetik Usurbilgo gazte mugimenduak. Hortik aurrera, etenik gabeko bost ospakizun egunetan barneratu zen herria.
Zaintza edota aniztasuna zituen festen hasiera izan zen hura. Izan ere, Usurbil herri zaintzaileagoa izateko bidean, hiru ekimen aurkeztu zituen Udalak herri eragile gehiagorekin lankidetzan aste hasieran: martxan den "Usurbilen, goazen kalera" dinamika, jai zaintzaileen eta merkatari zaintzaileen egitasmoekin batera.
Usurbilgo jaien aurretik, Kalezarkoak ospatu ziren, auzotarren arteko jolas, kontzertu gau, euriak eragotzi ez zuen sutzar, haur joko edota erromeria giroko amaierarekin.
Europako bozketak
Azken urtebeteko haustekundeen zikloko azken hitzordua izan genuen ekainean; Europako parlamentua berritzeko bozketa eguna. EHBildu nagusitu zen. 12,91 puntu handitu zen abstentzioa. EHBilduk edota PSOE-k babes handiagoa lortu zuten, duela bost urteko deialdian baino. Aldiz, EAJ-k boto gutxiago eskuratu zituen.
J.M. Torrealdai beka eta Jakin Jardunaldia
Joan Mari Torrealdai beka deialdiaren bigarren edizioa aurkeztu zuten ekainean, estreinako ekinaldiko egitasmoa ("Artxibo biluzia") eskuragarri jartzeaz gain. "Euskal kultura azterketa gaur" hizpide zuten proiektuak aurkezteko epealdia ireki zuten Udalak eta Jakin fundazioak.
Jakin eta Udala aipatuta, UEU-rekin batera, "gatazkaren memoria, memoriaren gatazka" hizpide zuten Jakin Jardunaldiak egin zituzten Artzabalen. Jardunaldi horietan, estreinakoz, Usurbilgo oroimenaren ibilbidea aurkeztu eta osatu zuten hitzorduko parte hartzaileek, Usurbil 1936 elkarteko kideen laguntzarekin. Aurretik egitasmo hau aurkeztu zieten bertara joandakoei.
Lehiaketak
Bi topaketa ere egin ziren herrian; batetik, Duintasuna, Gipuzkoako jubilatu eta pentsiodunen elkarteak bilkura orokorra egin zuen Sutegin. Bestetik, Altxa Burua Gipuzkoa mailako herri mugimenduko taldeak Udarregi ikastolako erdiko aretoan elkartu ziren.
Txapelketa zenbait ere izan genituen ekainean. Estreinakoz, Aginagako Eliza Zaharra Elkargunean ospatu zen Euskal Herriko Egurrezko Sagardo Lehiaketa. Alkartasuna kooperatibak edota Udalak sustaturiko ekimenean 27 ekoizle lehiatu ziren.
Bestalde, amaitu berri den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako udazkeneko fasera igarotzeko Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasea antolatu zuten udaberrian. Parte hartzaileetako bat izan zen Usurbilgo herrikide Uxue Fernandez Lasa. Udazkenerako sailkatu zen uda aurretik.
Kirol albisteei dagokienean, herrikideak partaide dituzten Bera Bera eskubaloi taldeak (Esther Arrojeria jokalaria eta Jon Begiristain entrenatzailea daude bertan) Ligako txapeldun amaitu zuen denboraldia, Bidasoa Irunek (Eneko Furundarena jokalaria dago bertan) Errege Kopako txapeldunorde.
Benantxio Otaegiren heriotza
Kirol hitzorduen artean, 600 partaide batu zituen Uxue Trail Mendi Lasterketa Solidarioaren laugarren edizioak. "Eskerrik asko bihotz-bihotzez parte hartu duzuenoi eta, nola ez, antolatzen aritu zaretenoi", adierazi zieten antolatzaileek. Oraingo honetan, ekimen horretarako Ixaksonak taldeak ondutako abestia eta zumba gazte taldekoek prestaturiko koreografia aurkeztu zituzten.
Kirolei eskainitako tartean, albiste triste bat ere eman genuen ekainean; Benantxio Otaegi Orbegozo, Usurbilgo apaiz ohia zendu zen. Bizitza sozialean ere asko inplikatu zen. Usurbilgo Lanbide Eskola, Usurbilgo Odol Emaileen Elkartea eta Usurbil Futbol Taldea jarri zituen martxan.
Inbertsioak
Udalbatzak hartutako zenbait erabakiren berri ere eman genizuen. 548.700 euro inguruko kreditu aldaketa onartu zuen, udal teilatua konpontzeko, familia eskuhartzeen egitasmorako, Udarregi ikastolako instalakuntzak berritzeko, Irisgarritasun Plana eguneratzeko, Kalezarko aldapa berritzeko... Lanbide Eskolako eta Udarregi ikastolako obrek interes bereziko izendapena jaso zuten. Etxealdia eta Kale Nagusia lotzeko igogailua aurreikusi baino lehen, 2025ean eraikiko zutela aurreikusi zuten.
Hirigintza gaiei buruz ari garela, tren geltoki berriko eraikuntza lanei lotutako albisterik izan genuen ekainean ere; aurreko hilabetean itxitako Etxealdiako zubia eraitsi zuten.
Bisita gehiago
Turismoari lotutako albistea. 650 Usurbil Bizi herri egitasmoak bisiten eskaintza berritu eta zabalduko zuela iragarri zuten haren sustatzaileek duela sei hilabete; Usurbilgo zaintza eta hondakinen kudeaketa, memoria historikoa... Salbatore elizako kultur ondarea ezagutarazteko lankidetza hitzarmena ere sinatu zuten parrokiak eta Udalak.
2024ko ekaineko argitalpenak
Ekainaren 7ko 994. NOAUA!
Ekainaren 14ko 995. NOAUA!
Ekainaren 21eko 996. NOAUA!
Ekainaren 28ko 997. NOAUA!
Usurbilgo jaiei buruzko gehigarria