Herriko festa giro betean ekin genion uztailari. Zubietako festek hartu zieten gero lekukoa hilabete amaieran, txapelketa, jolas, otordu, bertso saio, kontzertu gau eta abarrekin. Tartean, ordea, izan genituen ospakizun gehiago. Izan ere, 1000. NOAUA! argitaratu genuen uztailaren 19an. Bezperan ospatu genuen zenbaki borobil hau, Aginagako Eliza Zaharra Elkargunean eginiko ekitaldi bereziarekin. Lehendakari aldaketa irudikatu genuen bertan; azken hamarkadan Idoia Torregaraik eginiko ekarpen oparoa eskertu eta Ugaitz Agirreri ongi etorria eman genion. Kerman Errekondorekin bertsotan nahiz topa eginez omendu genuen kultur elkarte hau.
Maialen Lujanbioren "rr-6-erre(AH)ala" emanaldiak borobildu zuen hitzordu berezia. Astebete lehenago, beste bertsolari baten, Jon Maiaren "Kantu berri bat gara" emanaldiaz gozatzeko aukera izan genuen frontoian. Emozio handikoa izan zen, usurbildarrak oholtza gainera igo zituen ikuskizuna.
Horrez gain, Floxbin musika taldekoak oholtza gainera itzuli ziren uztailean, Sutegin eskainitako kontzertuarekin.
Kultur albisteen gainbegiratua amaitzeko, Jose Luis Zumetak 1985ean sortutako "Usurbilgo lehoia" izeneko sortze lana erosi zuen Usurbilgo Udalak. Potxoenean kokatu zuen.
Aisialdiko ekintzetan
Udalbatzak hartutako erabaki zenbaiten berri ere eman genuen; horien artean, haur eskola zerbitzua Udarregi ikastolari esleitu ziola Udalak, ordenantza fiskaletan txertatutako aldaketak behin betiko onartu zituztela. Palestinarekiko Erantzunkizuna plataformaren mozioa ere onartu zuten.
Kirol albisteei dagokienean, Jon Irazustabarrena Lizarraldek beste urtebetez Real Unión taldean segiko zuela berri eman genuen. Bestalde, herri ordezkaritza izan zuen Haranen ere jokaturiko Donosti Cup gaztetxoen arteko txapelketak. Izan ere, oporraldi betean ziren gazteek aisialdi ekimen hainbatetan parte hartu zuten; batzuk, Ziortzako Peñaloscintoseko kanpaldira joan ziren. 4-12 urte arteko 212 lagunek (inoizko kopuru handiena) NOAUA! K.E.-ren Udajolasen igaro zuten uztaila.
2024ko uztaileko argitalpenak
Herrira begira
Uztailaren 5eko 998. NOAUA!
Uztailaren 12ko 999. NOAUA!
Uztailaren 19ko 1000. NOAUA!
1000. NOAUA!, gehigarri berezia