650 Usurbil Bizi Otarrak zozketatu eta banatu ostean, amaitutzat eman dute aurtengoz, urte garai honetako kanpaina, bere sustatzaileek; Usurbilgo Udalak, Kulturguneak eta Hurbilagok. Halere, igande eguerdi honetan, abenduaren 29an, frontoian eginiko zozketara joandakoei mezu argia helarazi diete; "jarraitu herriko ekoizleak eta sortzaileak elikatzen, jarraitu herriko dendetan erosten eta jarraitu herria mugitzen".
Hori guztia auzolanean, noski. Izan ere, lankidetzaren erakusleiho ederra izan da azken asteotako ekimen hau. Herriko dendariek, sortzaile eta ekoizleek eta hiru eragileek parte hartu dute; Usurbilgo Udalak, Hurbilago elkarteak eta Kulturguneak.
Tokiko ekoizpenaren eta kontsumoaren alde
Herri ekoizpenaz eta sorkuntzaz osatu dituzte gaur zozketatu diren ehun otarrak. Zozketarako txartelak herriko dendetan eginiko hamar euroko erosketen truke eskuratu ahal izan dira. Otarrak prestatzeaz, antolatzaileekin batera Udarregi ikastolako ikasleak arduratu dira.
Herri sorkuntza, ekoizpen eta merkataritza suspertzearen aldeko dinamika izan da beste behin asteotan bideraturikoa, hirugarren urtez jarraian egin dena. "Herriko ekoizleak eta kultur sortzaileak laguntzeko, haien lanak ezagutarazteko eta, bestalde, herriko dendetan kontsumitzera bultzatzeko dinamika da hau", jakinarazi dute sustatzaileek gaur eguerdian frontoian eginiko ekitaldian.
Hirugarren edizio honi dagokionean, "31 ekoizleek eta sortzaileek parte hartu dute otarrak osatzeko dinamika horretan eta hamasei dendetan izan da aukera zozketan parte hartzeko. Denda bakoitzean sei saritu atera dira eta beste lau, guztion artean eginiko zozketa batean".
Segidan duzue, 650 Usurbil Bizi Otarren zozketa ahalbideratu dutenei buruzko xehetasunak:
Parte hartuko duten ekoizle eta sortzaileen kopurua:
Guztira: 31.
Banaketa:
-18 kultur sortzaile (idazleak, moda diseinatzaileak, musikariak, aldizkariak edo musika tresnen egileak).
-13 ekoizle (jakiak eta sagardoa).
Parte hartu duten ekoizle eta sortzaileak:
Aginaga Sagardotegia, Aialde Berri sagardotegia, Ameba, Arkaitz Portularrume Unanue, Arrillaga-Txiki baserria, Arrospide barazkiak, Basatxerri, Borda Txuri-Lumagorri, Bordatxo esneak, Eiti, Elhuyar Fundazioa, Iñorkiñak, Ione Iruretagoiena, Iruin sagardotegia, Ixabel Agirresarobe Arzallus, Jakoba Errekondo, Jose Mari Zaldua-Sari Frutak, Jurgi Fuentes Goikoetxea, Maider Alzaga, Mihise, NOAUA! Kultur Elkartea, Odolaren Mintzoa, Olatz Zabaleta, Osto eta Ale, Rukula, Saizar sagardotegia, Urdaira sagardotegia, Usurbilgo Sagastia, Viafara, Xüka eskuz egina eta Zaparra.
Zozketan parte hartu duten saltokiak:
Ane ile-apaindegia, Aizpurua okindegia, Alkartasuna kooperatiba, Arruti harategia, Artzabal jatetxea, Enar estetika, Esnaola janaridenda, NI ile-apaindegia, Intza ile-apaindegia, Iratze naturdenda, Laurok, Lizardi liburu-denda, Lurda, Opilgoxo, Otargoxo, Usurbil optika.
Otarren prestakuntza:
antolatzaileak eta Udarregi ikastolako ikasleak.