Gabonak

"Parte hartzeko gonbita ilusio handiarekin jaso genuen"

Noaua Aldizkaria 2024ko abe. 29a, 14:56

650 Usurbil Bizi Otarren egitasmoan haien sorkuntza lanen ekarpena egin duten egileek ere hitza hartu dute gaurko ekitaldian.

Tokiko 31 ekoizleek eta sortzaileek parte hartu dute aurtengo 650 Usurbil Bizi otarren egitasmoan. Haietako bik hartu dute hitza, saskiok banatzeko igande eguerdi honetan, abenduaren 29an, frontoian eginiko ekitaldian. "Parte hartzeko gonbita ilusio handiarekin jaso genuen", adierazi du Josune Estellak, "Xüka eskuz egina" izenez ekarpena egin duen sortzaileak. "Eskuekin gustatzen zait gauzak egitea. Nire aportazioak izan dira poltsak eta diru-zorroak, une honetan egiten ari naizena", adierazi du Estellak gaurko ekitaldian.

Otarren egitasmo honetan parte hartu duten sortzaileen artean zen baita Ixabel Agirresarobe. Aurten, Mattinen ilustrazioekin idatzitako "Lamiak eta emagina" liburua izan da egindako ekarpena. "Denon ezusterako askok ezaguten ez duen lamiei buruzko kondaira berezi bat", horixe du ildo nagusi liburuak. Kontakizun horren berezitasuna azaldu du. "Nik ezagutzen dudana da, lamiak beraiek hurbildu zirela pertsonengana laguntza eske eta hori oso gutxitan ikusi den gauza bat da", nabarmendu du Agirresarobek. Hari horri tiraka "nire hitzekin berreskuratu dugu kondaira zahar hori", bere esanetan, 9 urtetik gorakoentzat egokia dena.