Donostialdeko Erregimen Bereziko Eremua martxan gaurtik

Noaua Aldizkaria 2024ko abe. 30a, 09:23

Turismo ibilgailuetan bidaiarien herri barruko edo herriarteko garraio publikoaren zerbitzua eskaintzeko Donostialdeko Erregimen Bereziko Eremua sortu dutela berri eman du astelehen honetako, abenduaren 30eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak. Erabaki hau jakinaraztearekin batera, martxan da eremu hau gaurtik.

Eremu horren barne dago Usurbil, Donostia, Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta, Lezo, Oiartzun, Pasaia eta Errenteriarekin batera. Udalerri guztiotan, "tarifa bera ezarriko da zerbitzuaren arabera" GAO-k berri eman duenez.

Honenbestez, astelehen honetatik, "eremua osatzen duten udalerriren baten lizentzia duten ibilgailuek bere lurralde eremuko gainerako udaletan has dezakete zerbitzua, betiere parte hartzen duten udalerriek sinatutako administrazio arteko hitzarmenean jasotako termino eta baldintzetan".

Gaurtik martxan izango den erregimen  bereziko eremu horren bilakaera gertutik segitzeko Jarraipen Batzordea eratuko dute aipatu udalerrietako ordezkariek eta sektoreko profesionalek. Bi zeregin izango ditu: hitzarmenetan jasotako arauak behar bezala betetzen direla zaintzea eta "dagozkion gaiak proposatzea eta horien berri ematea".

"Baliabideak hobeto aprobetxatzeko"
Gaur indarrean jarritako neurri honen azken erabakia berriki hartu zuten. "Administrazioen arteko hitzarmena aztertu ondoren, Foru Aldundiak komenigarritzat jo du Donostialdeko Araubide Bereziko Eremua sortzea, Mugikortasun eta Garraio Zerbitzuburuaren 2024ko abenduaren 20ko txostenean jasotako baldintzen eta zehaztapenen arabera". Horrez gain, "Taxiaren Batzordeak 2024ko abenduaren 20an egindako bileran sortzearen aldeko iritzia eman du".

Herritar nahiz zerbitzu honen profesionalentzat ekar dezakeen onura nabarmendu du Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak. "Bistakoa da eskualdeetako udalerrien artean trafikoaren interakzioa gertatzen dela eta, ondorioz hainbat azterlan egin dira erregimen bereziko eremu horiek zehazteko, zerbitzu horiek eskaintzeko eskualdekako banaketa bat egitearren, dauden baliabideak hobeto aprobetxatzeko aukera emango duen erregimen berezi bat ezarriz; izan ere baliabide horiek nahikoak dira baina gaizki banatuta daude". 

Eremu berezi hau sortzeak ez du esan nahi Foru Aldunditik ohartarazi dutenez, lizentzia edota baimen berririk emango denik.

Zerbitzua hobetzea xede
Gogoan izan, eremu berezi honen sorrera aipatu hamaika udalerrietako akordio batek ahalbideratu du. "Hitzarmen horren bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiari Erregimen Bereziko Eremua sortzeko eskatu diote".  Eskaera egin zutenen artean zen eta, beraz, hitzarmen hau babestu zutenen artean da Usurbilgo Udala. Uztailaren 24an eginiko osoko bilkuran aho batez onartu zuen erabaki hau udalbatzak.   

Taxi zerbitzua hobetzea litzateke asmoa. Jakina da, inguruotan taxi zerbitzuak duen lizentzia kopuruak ez diola erantzuten egun dagoen beharrari. "Azkenaldian, udalek, auto-taxien lizentzien titularrek eta gizarte-eragileek gabeziak antzeman dituzte zerbitzuan. Zerbitzua ez da nahikoa egun eta ordutegi jakin batzuetan, arazoak handiagoak edo txikiagoak izanik udalerrien arabera".          

Horren aurrean, bi aukera mahai gaineratu ziren; sektoreak nahi ez zuen lizentzia gehiago eskuratzeko aukera zabaltzea edota hitzarmen honen bidez sustatu nahi dutena, hitzarmen honekin bat egin duten udalerrietako taxi zerbitzuak baliatzea inguruotako zerbitzua bera hobetzeko eta "eremu horretan ematen den zerbitzua harmonizatze aldera".

Jarduera eremua zabaltzeko aukera
Akordio honekin bat egingo duten udalek, hau da, Donostialdeko Erregimen Bereziko Eremu berriak "ahalmena emango die Udaletako auto-taxien lizentzien titularrei garraio-zerbitzuak eskaintzeko Donostia, Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta, Usurbil, Lezo, Pasaia, Oiartzun eta Errenteriako udalerrien barruan, bai eta udalerri horien artean ere, aintzat harturik hitzarmen honen zazpigarren akordioaren arabera onartutako egutegia".

Izan ere, egutegia edota aplikatu beharreko tarifak zehazten ditu akordioak. Jarraipen Batzorde bat sortzea ere aurreikusten du.

Urtebeteko probaldia
Hitzarmenarekin bat egingo duten udalek "konpromisoa hartzen dute Donostialdeko Erregimen Bereziko Eremuko kide izateko, gutxienez urte natural oso batean eremua martxan jartzen denetik, auto-taxien garraioan izan dezakeen hobekuntza ebaluatu ahal izateko".

Lau urteko epealdia izango du hitzarmen honek, beste lau urtez luzatu ahalko dena, baina urtebeteko probaldia hasteko. Hitzarmen hau bozkatu aurretik, uztailaren 24ko osoko bilkuran udal gobernu taldetik ohartarazi zutenez, "tartea dugu egokitzapenik beharko den ikusteko. Hitzarmen honetatik irteteko aukera" ere hor egongo dela gaineratu zuten.

Gai honen lanketarekin hilabeteak daramatzatela berri eman zuen udal gobernu taldeak udako oporraldi aurreko osoko bilkura hartan.