"Ibai-Ondo Backyard" probarako izen-emateak itxarote zerrendarako

Noaua Aldizkaria 2024ko abe. 30a, 08:50

Apirilaren 12ko asteburuan Santuenea inguruan egingo den erronkan parte hartu nahi duen ororentzako izen-emate kopurua bete da. Aurrerantzean izango diren izen-emateak itxarote zerrendan geratuko dira.

Arrakastatsua izan da, estreinakoz, 2025ko apirilerako antolatzen ari diren "Ibai-Ondo Backyard" probarako izen-emate deialdia. Izan ere, dagoeneko eskuragarri jarritako dortsal adina izen-emate jaso dituzte. Honenbestez, aurrerantzean probarako apuntatzen dena itxarote zerrendara igaroko dela ohartarazi dute antolatzaileek.

Gogoan izan, apirilaren 12ko asteburuan Santuenean jokatuko den erronkan izena emateko lehentasuna izan zuten usurbildarrek azaroaren 18tik 24ra. Abenduaren 2tik aurrera edonork eman ahal zezakeen erronkarako izena.

Parte hartzeko gogoz direnek backyardibaiondo@gmail.com helbidera idatzi behar zuten. Mezu horretan, norberaren izena eta bi abizenak, helbidea, udalerria, posta kodea, probintzia, telefono zenbakia eta posta elektronikoko helbidea zehaztu behar ziren. Antolakuntzak parte hartzaileen aldetik jasotako emailen hurrenkeraren arabera erabakitzekoa da nortzuk izango diren parte hartzaileak eta parte hartzaileei jakinaraziko diete nortzuk izan diren onartuak, nortzuk ez, ordaintzeko modua adieraztearekin batera. Erronkako kide bakoitzak 35 euro ordaindu beharko ditu.

Gogoan izan, 100 lagunentzako lekua egongo da "Ibai-Ondo Backyard" proban.

Itzulia orduero
6,7 kilometroko ibilbidea nahi edo ahal den erritmoan baina ordubete baino lehen osatzea eta hurrengo orduan gauza bera egitea, eta hurrengoan, eta hurrengoan... Nekatu arte edo ordu hori gainditu arte. Horretan datza, datorren udaberrirako Santuenean antolatzen ari diren "Ibai-ondo Backyard" erronka. Munduan barrena hedatzen ari den ekimen berri hau, Euskal Herrira, antolatzaileek duten informazioaren arabera, estreinakoz Santuenera helduko da 2025eko apirilaren 12ko asteburuan.

Entrenamendua
Aldez aurretik, apirileko erronka prestatzeko nahi duenarentzat entrenamendu saioa antolatu dute "Ibai-Ondo Backyard" proba bideratzen ari direnak. Otsailaren 15ean izango da, larunbatez. Hiru orduko trebakuntza saioa izango da, goizeko 9:00etan hasita. "Etorri nahi duten korrikalari guztiek" parte hartu ahalko dute. Segidan, 12:00etan hamaiketakoa dastatuko dute Ibai-Ondo elkartean.

"Ibai-ondo Backyard"
Eguna: apirilak 12, 13.
Hasiera: apirilaren 12an goizeko 8:00etan.
Abiapuntua eta helmuga: Santueneko frontoia.
Ibilbidea: Santueneko frontoia, auzoa, Atallu eta erriberako bidetik Txokoalde lotuko ditu.
Distantzia: 6,7 kilometro.
Izen-ematea:
-Abenduaren 2tik aurrera: nahi duen orok backyardibaiondo@gmail.com helbidean.
Dortsal kopurua: 100 lagunentzako tokia egongo da.
Zehaztasunak: 6,7 kilometroko ibilbidea ordubete baino lehen osatzean oinarritzen da erronka hau. Ordu hori gainditu arte edo nekatu arte segi ahalko da parte hartzen ekimenean.
Entrenamendua: nahi duen ororentzat hiru orduko prestakuntza saioa, otsailaren 15ean 9:00etan Santuenean.
Informazio gehiago:
-Instagram: @ibai_ondo_backyard
-Facebook: "Ibai-ondo Backyard"